Bihar, urtarrilak 29, egingo duten Getxoko Udaleko osoko bilkura tentsio handikoa izango dela aurreikusten da. EAJk eta PSE-EEk osatzen dute gobernu-taldeak gutxiengoan agintzen du 12 zinegotzigaz; aldiz, oposizioko taldeek 13 ordezkari batzen dituzte. Hala ere, dimisio eskaerak onartuta ere, ez luke ondorio praktikorik izango, alkatea kargutik kentzeko zentsura-mozio bat eta hautagai bat aurkeztu bat beharko litzatekeelako, eta momentuz inork ez duelako halakorik proposatu.
Gaur, EH Bilduk egindako adierazpenetan urrats bat harago joan da eta "udal-gestora" bat sortzea proposatu du, udal-ordezkaritza duten alderdi guztiek osatua, legegintzaldiaren amaiera arte Getxoko Udala "modu garden eta eredugarrian" gobernatzeko. Mikel Bildosola EH Bilduko zinegotziak adierazitakoaren arabera, "udal-gobernuaren gobernantza eredua agortuta eta sostengaezina bihurtu da", eta azpimarratu du egoera "jasanezina" dela eta herritarrek ez dutela merezi "bizi dugun egoera".
Bere aldetik, Amaia Agirre alkateak adierazi du Udalak errespetu osoz jarraitzen duela martxan dagoen prozesu judiziala, eta berretsi du konfiantza duela udal-langileen lan profesionalean eta indarrean dagoen araudia betetzean oinarritutako jardunean. Era berean, adierazi du udal arloen berrantolaketa egingo dela egoerari aurre egiteko.
Era berean, Getxoko Udalak adierazi du daborduko kargutik kenduak izan diren ikertutako hiru zinegotziak laster ordezkatuko dituztela, eta udal-arloen berrantolaketa egingo dela zerbitzuen funtzionamendu normala bermatzeko.
Irurak Bat jauregiaren eraisketa ikertzen ari den instrukzioak hamar pertsona seinalatzen ditu, ustezko prebarikazio eta ondarearen aurkako delituengatik. Horien artean EAJko hiru zinegotzi daude —Inazio Uriarte, Irantzu Uriarte eta Iñigo Urkitza—, Udaleko arkitekto bat eta hainbat teknikari eta sustapenagaz lotutako pertsonak. Hirurek euren karguak utzi dituzte alderdiaren esku, defentsa errazteko eta alderdiaren irudia zaintzeko asmoz, eta hurrengo otsailaren 25ean deitu dituzte epailearen aurrean deklaratzera.