Getxoko PPk salatu du alkateak Kirol Portuko hotelaren altuerari buruz gezurra esan zuela

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 4a

Eduardo Andradek kritika gogorrak egin zituen udal.gobernuaren aurka urtarrilaren 29ko osoko bilkuran.

Getxoko PPk salatu duenez, jarduneko alkateak gezurra esan zien herritarrei Kirol Portuan aurreikusitako hotelaren altuerari buruz, eta berehala azalpenak emateko eskatu dio udal-gobernuari. Salaketaren arabera, Bilboko Portu Agintaritzak aurkeztutako alegazio batek agerian uzten du hotelaren gehienezko 26 metroko altuera ez zela erabaki isolatua izan, baizik eta aurrez Getxoko Udalagaz adostutako irizpidea.

PPk azaldu duenez, dokumentu horrek frogatutzat ematen du udal-gobernuak bazuela proiektuaren berri, nahiz eta publikoki kontrakoa adierazi. Horren harira, Eduardo Andrade PPko bozeramaileak gogor kritikatu du jarduneko alkatearen jarrera: "Portuaren beraren alegazioak aitortzen du aurretiko akordio bat bazegoela. Jarduneko alkateak primeran zekien zer ari zen adosten, eta herritarrak engainatzea erabaki zuen".

PPk gogorarazi du alkateak, komunikabideen aurrean, hotelaren tamainagaz harrituta agertu zela eta proiektutik aldentzen saiatu zela, nahiz eta, PPren arabera, proposamena aspaldidanik mahai gainean egon eta udal-gobernuaren ezagutza izan. Gainera, ohartarazi dute Portuaren alegazioak agerian uzten duela ez dela eraikin bakarraren auzia, baizik eta eremu osoan eraikigarritasuna handitzeko estrategia urbanistiko baten parte dela.

"Kontrolik gabeko Udala dugu, herritarren bizkarrean akordioak onartzen dituena eta ondoren eskuak garbitu nahi dituena kritikak agertzen direnean", gaineratu du Andradek. PPk egoera hau 2026ko urtarrilaren 29ko osoko bilkuran azaldutako gobernuaren higaduragaz lotu du, udal-gobernuaren sinesgarritasun falta eta azalpenak emateko ezintasuna azpimarratuz.

Azkenik, PPk jarduneko alkateari erantzukizunak bere gain hartzeko eskatu dio, azalpen publikoak eman ditzan eta herritarrak "engainatzeari utz diezaion". Andradek amaitzeko esan duenez, "ezin da gezurretan gobernatu. Dokumentu ofizialek udal gobernuaren kontakizuna gezurtatzen dutenean, gutxienekoa aurpegia ematea da".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun