EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk Getxoko alkatearen dimisioa eskatu dute gaurko Udalaren osoko bilkuran, 'Irurak Bat' jauregiaren eraisketa ikertzen ari den auziaren kudeaketa dela eta. Sei ordu eta erdi iraun duen bilkuran oposizioko taldeek hainbat mozio aurkeztu dituzte bere aurka, baina horiek ez dira lotesleak izango; horretarako, zentsura-mozio bat aurkeztu beharko lukete. Horiei erantzunez, Amaia Agirre alkateak azpimarratu du ez duela kargua uzteko asmorik eta bere gobernu-taldearen kudeaketa defendatu du.
Amaia Agirre alkatearen hitzaldia:
Alkate naizen aldetik, ezin naiz isilik geratu hemen gertatzen ari denaren aurrean. Gaurkoa Akelarre politikoa da. Ordezkatzen dudan alderdiaren eta nire irudiaren aurkako antzezpen ongi kalkulatua, kondenarik, epaiketarik eta egitate frogaturik gabea.
Batzuek eskandaluak sortu eta edozein titular arma politiko bihurtzen duten bitartean, gobernu-talde hau lanean aritu da. Eta emaitzak hor daude, nahiz eta batzuei ez zaien komeni horiek aitortzea.
Nire erantzukizuna ez da zarata elikatzea, ezta deskalifikazioetan sartzea ere. Nire ardura da erakundeen egonkortasuna bermatzea eta Getxorako gobernatzen jarraitzea.
Argi eta garbi esango dut: bere estrategia ez da udalerria hobetzea. Bere estrategia higadura da.
Hala eta guztiz ere, aurrera jarraitzen duen gobernu-ekintza geldiaraztea du helburu.
Gu ez gaude horretan. Gu gobernatzen ari gara. Nik betiko irmotasun eta erabaki berarekin jarraituko dut lanean. Probokazioetan sartu gabe. Eztabaida antzuetan minutu bat galdu gabe. Eta aurkakotasuna suntsipenarekin nahasten dutenen aurrean amore eman gabe.
Horregatik diot itzulingururik gabe: ez dut dimitituko oposizioak eskatzen duelako. Ez dut alde batera utziko, zarata bere proiektu bakarra egin duenak hala eskatuta. Erakunde honen buru izaten jarraituko dut legitimitatea dudan bitartean, erantzukizunez, irmotasunez eta lehen eguneko konpromiso berarekin.
'Irurak Bat' auziagaz amaitzeko, Amaia Agirre alkateak erantzun du oposizioak "egitateek sostengatzen ez duten larritasun sentsazioa" sortzen duela, eta ohartarazi du ez dagoela epai judizialik ezta egiaztatutako gertakaririk ere. "Dimisio behartuak ez dira itzulgarriak", adierazi du, bere jardun etikoa defendatuz, eta gobernu aldaketa nahi izanez gero "alternatiba eta proiektu hobea" proposatzeko eskatu die. Halaber, elkarlanerako eskua luzatu du.
PPk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk alkatearen dimisioa eskatzeko mozioa onartu dute, EAJren eta PSEren kontrako botoaka.
PPko Eduardo Andradek berriro kritikatu du PSE, azpimarratuz lizentzia bat "lau hilabetetan eman zela, bi urtean eman beharrean", eta alkateari eskatu dio behingoz kargua uzteko.
Xabier Benitok (Elkarrekin Podemos) adierazi du alkateak ez dimititzea "akatsa" dela. Ez dela bere inplikazioa epaitzen ari esan du, baizik eta "kasu honen kudeaketa katastrofikoa". Adibide gisa jarri du auzia "isuna hutsal batekin ixteko" saiakera. Gobernua "paralisian" dagoela eta Irurak Bat kasuak atzerapenak eta blokeoak eragin dituela azaldu du. "Ez da zintzoa izan, ezta gardena ere; ezin dute lasaitasuna eskatu bermerik eman gabe", eta ondorioztatu du: "Kudeaketa berri bati bide eman behar dio".
PPko Andradek alkateari eskatu dio "ez dezala bere agonia luzatu", hainbat porrot aipatuz, hala nola Kirol Portua edo lorezaintza. "Jauregitxoa azken tanta izan da", esan du, eta dimisioa eskatu du "erantzukizun politikoengatik".
PSEk berriro adierazi du auzia epaitegietan dagoela: "Ez dugu epaiketa paralelorik egingo filtrazioetan oinarrituta", eta Udalak funtzionatzen jarraitu behar duela. Berretsi du bide hori mantenduko dutela 2027ko maiatzera arte.
EH Bilduko Bildosolak uste du Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozioa justifikatuta dagoela: ikerketa errespetatu behar dela bai, baina "alkateak ez du gardentasunez jokatu", oposizioaren kontrol-lana oztopatu dela, proiektuak geldirik daudela eta aurrekonturik ez dagoela. EAJk eredu opakua du, eta eredu horrek izen-abizenak ditu: alkatea".
Azkenik, EAJren arabera, oposizioaren erasoa "higadura politikorako estrategia" da. Janire Ocio zinegotzi jeltzaleak defendatu du kudeaketa "zorrotza" izan dela hasieratik, kontuak eman direla, ez dagoela opakotasunik ezta lidergo-hutsunerik ere, eta proiektuak martxan direla.
Elkarrekin Podemoseko Xabier Benitok zalantzak azaldu ditu udal-kudeaketa berezi baten inguruan eta Gobernu Batzarrean parte hartzeari buruz, argi utziz alkatearen dimisioa eskatzen dutela baina ez dutela zalantzan jartzen gobernua osatzen duten alderdien zilegitasuna.
Bere esanetan, arazoa ez da gobernuaren osaera, baizik eta Osoko Bilkura zuzentzen duen pertsona. Halaber, iruzurraren aurkako plana kritikatu du, praktikan ez dela behar bezala aktibatu uste duelako.
PSEko Carmen Diazek, berriz, Getxok bizi duen egoera "larria eta inoiz ikusi gabekoa" dela adierazi du, eta erantzukizunez jokatzeko beharra azpimarratu du, plano politikoa eta judiziala bereiziz.
Elkarrekin Podemoseko Xabier Benitok zalantzak azaldu ditu udal-kudeaketa berezi baten inguruan eta Gobernu Batzarrean parte hartzeari buruz, argi utziz alkatearen dimisioa eskatzen dutela baina ez dutela zalantzan jartzen gobernua osatzen duten alderdien zilegitasuna.
Bere esanetan, arazoa ez da gobernuaren osaera, baizik eta Osoko Bilkura zuzentzen duen pertsona. Halaber, iruzurraren aurkako plana kritikatu du, praktikan ez dela behar bezala aktibatu uste duelako.
PSEko Carmen Diazek, berriz, Getxok bizi duen egoera "larria eta inoiz ikusi gabekoa" dela adierazi du, eta erantzukizunez jokatzeko beharra azpimarratu du, plano politikoa eta judiziala bereiziz.
Mikel Bildosola EH Bilduko bozeramaileak presazko mozioa defendatu du, Getxon gertatutakoa larritasun handikoa dela azpimarratuz eta inpunitate sentsazioa dagoela salatuz. Nabarmendu du udal-bulegoetan erregistroak egin direla eta hasieratik azalpenak eskatu dituztela, baina kontrol politikoa oztopatu dela. 50.000 euroko isuna barregarria dela ere kritikatu du, baita "iruzurrekiko tolerantzia zero" plana aktibatu ez izana ere.
Interes-gatazka posible batez ohartarazi du, eta neurriak eskatu ditu halako kasuak berriro gerta ez daitezen: plana osorik aktibatzea, zinegotziak zigortzea eta hartutako neurriak osoko bilkuraru jakinaraztea.
Bere ustez, gobernu taldea agortuta dago, kudeaketa txarrak udalaren sinesgarritasuna eta herritarren konfiantza kaltetu ditu, eta nahiz eta epaiketa paraleloa saihestu nahi duten, erantzukizun politikoak eta gobernantza ereduaren aldaketa beharrezkoak dira.
EH Bilduk presazko mozio baten bidez salatu du Irurak Bat eraikin babestuaren legez kanpoko eraisketak eta ondorengo udal-kudeaketak krisi instituzional, politiko eta administratibo larria eragin dutela Getxoko Udalean, herritarren konfiantza kolokan jarriz. Alderdiak mozio bidez nabarmendu du espediente zigortzailea akats larriengatik baliogabetu zela, oraindik ebatzi gabe dagoela eta preskripzio-arriskua dagoela, inpunitate sentsazioa sortuz. Auzia ikerketa judizialaren esku dagoela ere gogorarazi du, hainbat pertsona —tartean hiru zinegotzi— ikertu eta dimititu ondoren.
EH Bilduk gardentasun falta, kontrol politikoa oztopatzea eta PPren abstentzio erabakigarria salatu ditu, baita 50.000 euroko isun "irrigarria" ere, onura ekonomikoa askoz handiagoa izan zenean.
Halaber, 2022ko Iruzurraren Aurkako Planaren ez-aktibazioa eta interes-gatazka posibleak kritikatu ditu. Horren aurrean, neurri bereziak eskatu ditu: oposizioko talde guztiak Gobernu Batzarrean egotea hauteskundeak arte, Iruzurraren Aurkako Plana bere osotasunean aktibatzea, Iruzurraren Batzordearen jarduna argitzea, interes-gatazkak ebaluatzea eta, hala badagokio, legeak aurreikusten dituen zehapen-prozedurak abiaraztea, guztiaren berri osoko bilkurari emanez.
EH Bilduk Irurak Bat jauregitxoaren auziarekin lotutako zigortze-prozedura bermatzeari buruzko mozioa erretiratzea eskatu du, sumarioa ezagutu aurretik aurkeztu zelako eta, gaur egun, zentzurik ez duelakoan. Puntu hori eguneko ordenatik kendu da. Horren ostean, osoko bilkurak beste mozio batzuk eztabaidatuko ditu, segurtasunari, irisgarritasunari, Metro Bilbaoren zerbitzuei eta aurrekontu parte-hartzaileei buruzkoak.
PPk adierazi du alkatearen dimisioa eskatu arren, Udalaren jardunak etenik gabe jarraitu behar duela, eta horretarako ezinbestekoa dela aurrekontuak izatea. Salatu dute Getxok oraindik ez duela 2026rako aurrekontu-proiekturik, eta oposizioko taldeek jasotzen duten informazioa hutsaren hurrengoa dela, gobernu-taldea geldirik dagoenaren seinale. Horregatik, aurrekontuak lehenbailehen aurkezteko eskatu dute berriro.
EH Bilduk ere atzerapena kritikatu du, aurrekontuak abendurako prest egon beharko liratekeela gogoraraziz, eta jauregiaren auziak ez duela egoera justifikatzen azpimarratuz. Gainera, aurrekontuak aurkeztea ez dela borondate kontua, baizik eta araudi foralak ezarritako betebeharra dela nabarmendu dute.
EAJk, bere aldetik, atzerapena onartu du, baina laster aurrekontu-proiektua aurkeztuko dela adierazi du, eta bitartean Udalak aurrekontu luzatuekin funtzionatzen jarraitzen duela azaldu du.
Getxoko EAJk daborduko jakinarazi du 'Irurak Bat' auziagatik ikertuak izateagatik dimititu duten hiru zinegotzien ordezkoak izendatu dituela, eta izapideak martxan jarri dituela Bizkaiko Hauteskunde Batzordeak ahalik eta azkarren kredentzialak eman ditzan.
Zinegotzi berriak Aingeru Torrontegi Ayo (55 urte, Ekonomia Zientzietan lizentziaduna), Carlos Sergio Atxotegi (57 urte, Bizkaiko Foru Aldundiko egungo Kirol Zuzendaria) eta Elisabete Basañez Perez (54 urte, administrazio-laguntzailea) izango dira, eta EAJren arabera, izendapen horien helburua "Udalaren jardun arrunta eta zerbitzuen jarraipena bermatzea da", ikerketa judizialak sortutako testuinguru politikoan.
Osoko bilkurak beste gai batzuekaz jarraitu du, tartean, San Nikolaseko liburutegiaren hobekuntzaren eztabaidagaz; San Nikolas plaza eta Bihotz Alai eta liburutegiaren eraikina berritzeko proposamenak eta adierazpenak egin dituzte.
Xabier Benitok dio gaiaren muina ez dela susmoetan oinarritutako eztabaida juridikoa, EAJk enpresa eraikitzaileakaz izan duen "klientelismoa eta tratu pribilegiatua" baizik. Gardentasunaren blokeoa eta, ondorioz, eraikinen galera eta gehiago galtzeko arriskua salatzen ditu. Horregatik, erantzukizun politikoak eskatu ditu, eta zalantzan jarri du alkateak egoera kudeatzeko gaitasunik izan duen ala ez.
Amaia Agirre alkateak argi eta garbi adierazi du ez duela dimitituko.
Alkateak bere gobernuaren emaitzak agerikoak direla defendatu du, nahiz eta batzuei onartzea deseroso egin. Azpimarratu du bere ardura ez dela zarata elikatzea edo deskalifikazioetan sartzea, baizik eta egonkortasun instituzionala bermatzea eta udalerria gobernatzen jarraitzea. Oposizioaren estrategia higadura politikoa dela salatu du, ez udalaren hobekuntza, eta argi adierazi du ez duela dimitituko presio politikoengatik. Bere esanetan, gobernuan jarraituko du legitimitatea duen bitartean, irmotasunez, erantzukizunez eta hasieratik izan duen konpromiso berarekin.
Zinegotziek leporatutakoak entzun ostean, Janire Ocio EAJko zinegotziak salatu du PPk alkatearen berehalako dimisioa eskatzeko prozedurak, bermeak eta arauak errespetatu gabe, eta susmoak arma politiko gisa erabiltzen ari dela.
Azpimarratu du San Nikolas 11ko jauregiaren auzian gobernuak egin beharrekoa egin duela: obrak geldiarazi, espediente zigortzaileak ireki, justiziarekin lankidetzan aritu eta sekretu sumarioa altxatu, eta, ondoren, zinegotzien dimisioak onartu dituztela. Horiek erantzukizunak hartzea dela adierazi du.
PPren mozioa edukirik eta alternatibarik gabekoa dela kritikatu du, eta ohartarazi du dimisio bat behartzeak ondorio instituzional larriak dituela. Gainera, gobernuaren kudeaketa defendatu du, hirigintza, etxebizitza, enplegua, mugikortasuna, ingurumenaren babesa, kirol azpiegiturak eta kultur ekipamenduak nabarmenduz.
Azkenik, oposizioari ere erantzukizun instituzionala eskatu dio, eta iragarri du EAJk erantzukizunez jarduten jarraituko duela, prozedurak eta berme demokratikoak errespetatuz.
MIkel Bildosola EH Bilduko bozeramaileak gogor kritikatu du PPren jarrera, kritikatuz ezin duela orain kanpoko eragile baten moduan jokatu, legealdi osoan zehar udal-gobernuaren sostengu politikoa izan delako. Adierazi du PPk aurrekontuak eta erabaki estrategiko nagusiak babestu dituela, eta horren ondorioz egungo egoera politikoaren erantzukizun partekatua duela.
Deitoratu du 'Irurak Bat' auzian, bereziki, PPk ez zuela Fiskaltzara jo, ez ikerketa-espedientea irekitzea, ezta Udala akusazio partikular gisa aurkeztea ere babestea. Horregatik, uste du PPren mozioak ez duela egia argitzeko helbururik, baizik eta irudi politikoa zuritzeko ahalegina dela, eta arrazoi horiengatik mozioaren aurka bozkatuko dutela adierazi du, nahiz eta horrek ez duen esan nahi alkatearen kudeaketaren aldeko botoa ematen dutenik.
Carmen Diaz PSE-EEko zinegotziak eta gobernuko kideak adierazi du osoko bilkurak ezin daitezkeela epaitegi paralelo bat izan, justiziarekiko errespetuagatik, eta PPren mozioak ez duela egia argitzea edo irtenbiderik ekartzea helburu, baizik eta egoera judizial bat baliatzea alkatearen dimisio politikoa eskatzeko.
Diazek salatu du informazio judiziala modu irregularrean filtratu dela, ikertuek jakinarazpenik jaso gabe zeudenean, eta horrek konfiantza instituzionala kaltetzen duela. Sozialistek beren jardunaren zilegitasuna eta gardentasuna defendatu dituzte, gogoraraziz hirigintza ez dutela kudeatu eta erabakiak txosten teknikoetan oinarrituta hartu zirela.
Dimisio politikoak egon direla onartu arren, Diazek adierazi du ez duela uste alkatearen dimisioak une honetan argitasuna ez justizia ekarriko, baizik eta paralisi instituzionala. Horregatik, PPren mozioaren aurka bozkatuko dutela iragarri dute, egonkortasuna eta gobernagarritasuna lehenetsiz.
Xabier Benitok adierazi du aurkeztutako mozioak ezohikoak direla, baina egoera bera ere larria eta salbuespenezkoa dela. Azpimarratu du udal-gobernuaren kudeaketa oso txarra izan dela legealdian zehar, baina 'Irurak Bat' eraikinaren eraisketaren auziak eta azken urte eta erdian izan duen kudeaketak egoera are gehiago okertu dutela.
Nahiz eta ikerketa judiziala zabalik egon eta errugabetasun-presuntzioa errespetatu behar den, Benitoren ustez alkatearen eta gobernuaren jokabidea gardentasunik gabea izan da, informazioa ezkutatu eta kontrol politikoa oztopatuz. Hori dela eta, alkatearen dimisioa beharrezkoa eta justifikatua dela esan du, udalaren paralisi egoera gainditzeko, konfiantza berreskuratzeko eta kudeaketa garden eta eraginkor bati bide emateko.
PPko Eduardo Andradek adierazi du ausarkeria dela alkateak antolaketa planteatzea, bere ustez hamar minuturen buruan Udalak alkaterik ez duelako izango.
Andradek alkatearen kudeaketaren kritika zorrotza egin du, Udalean hainbat arazo pilatu direla azpimarratuz: legez kanpoko jarduketengatik jasotako zigorrak, hiri-zerbitzuen narriadura, segurtasun faltaren areagotzea eta azpiegituren mantentze eskasa. Horrez gain, alkatearen jarrera pasiboa kritikatu du udalerriari zuzenean eragiten dioten proiektuen aurrean, eta 'Irurak Bat' auzian gardentasun falta eta informazioa ezkutatzea egotzi dio. Egoera hori "gainezka egin duen azken tanta" dela adierazi du, eta horregatik, PPren izenean, alkatearen berehalako dimisioa eskatu du.
Alkatetzaren dekretuen berri eman dute osoko bilkuran; horien bidez, Ignacio Uriarte, Irantzu Uriarte eta Iñigo Urkitza zinegotziek arloetako arduradun eta ordezko gisa zituzten karguak utzi dituzte. Alkatetzak zuzenean hartuko ditu arlo horietako batzuk, eta EAJko beste zinegotzi batzuei eginkizun jakin batzuk esleituko dizkiete. Aldaketek ez dute ordainsarien igoerarik ekarriko, eta dekretuak Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta udalaren webgunean argitaratuko dira.
Elkarrekin Podemosek hiru mozio aurkeztuko ditu gaurko osoko bilkuran: aurrekontu parte-hartzaileen eredua berrikustea eta herritarren parte-hartzea indartzea helburu duen proposamena, AEBek Venezuelaren aurka egindako eraso militarra gaitzesteko mozioa, eta Amaia Agirre alkatearen dimisioa eskatzeko presazko mozioa. Azken hau Udalean bizi den krisi politiko larriaren testuinguruan aurkeztu da, 'Irurak Bat' jauregiaren eraisketagaz lotutako auziaren ondorioz gobernuko hiru zinegotziren inputazio eta dimisioaren ostean. Elkarrekin Podemosek gardentasun falta eta kudeaketa txarra salatu ditu, aurrekontuak luzatuta mantendu direla eta hainbat proiektu geldirik daudela azpimarratuz, eta bai tokiko kudeaketan bai nazioarteko politikan parte-hartzea, bakea eta erantzukizun politikoak aldarrikatu ditu.
Hainbat punturen presazkotasuna bozkatzea proposatu dute. Xabier Benitok adierazi du presazkotasunak behar bezala justifikatuta egon behar duela, eta izapideetan akats formal bat dagoela. Horren harira, eztabaida egingo da proposamen horiek presaz aurkeztu izanaren arrazoiak aztertzeko. Idazkari berriak hitza hartu du eta araudiari jarraituz jardungo dela azaltzen du. Lehenik eta behin, proposamenen presazkotasuna bozkatu dute, eta ondoren, proposamenak berak.
Gaurko osoko bilkura zuzenean jarraitu daiteke Getxoko Udalaren webgunean. Hemen lotura: https://www.youtube.com/live/pAzvV-NPxEs?si=QCTnE…
Getxoko Instantzia Auzitegiko instrukzio sailak Getxoko Udaleko eta Ereaga Atalaya kooperatibako hamar kide deitu ditu ikertu gisa deklaratzera, tartean hiru zinegotzi ohi, 2024ko abuztuan 'Irurak Bat' jauregia botatzeko erabakian deliturik egon ote zen argitzeko asmoz. Zinegotziak Irantzu Uriarte eta Ignacio Uriarte bikotea eta kooperatiba sustatzaileko kideak, eta Iñigo Urkitza, gertaerak jazo zirenean Hirigintza Diziplina arloko arduraduna dira.
Hemen albistea osorik: https://hiruka.eus/getxo/1769675014420-amaia-agir…
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!