"Irurak Bat" auzia

Getxoko Udalak baimena eman du 'Irurak Bat' jauregitxoaren orubean luxuzko etxebizitzak eraikitzeko proiektuagaz jarraitzeko

Ander Zarraga 2026ko otsailaren 18a

Ereaga Atalaya enpresak lanakaz jarraitu ahal izango du hainbat aldaketa egin ostean.

Proiektuan hainbat aldaketa onartu eta gero, Getxoko Udalak etxebizitza berriak eraikitzeko lanakaz jarraitzeko baimena eman dio enpresa sustatzaileari, prozesu judizialak martxan jarraitu arren. EH Bilduren arabera,"oso larria" da obrek aurrera egitea auzia epaitegietan dagoen bitartean, horregatik, lanak berehala eteteko eskatu du.

Koalizio abertzaleko kideek ohartarazi dutenez, "dena modu irregularrean egin izanaren zantzuak daude", eta, horregatik, azpimarratu dute eskura dituzten baliabide guztiak jarriko dituztela obrak berehala geldiarazteko eta eraikina zegoen tokian eta zen bezala altxa dadin berriro. "Ez dugu adreilu bat gehiago ere eraikitzerik nahi, harik eta epaileek zer gertatu zen eta norbait kondenatu behar den zehazten duten arte".

Koalizioaren hitzetan, sustatzaileek 730.000 euro baino gehiagoko aurrezkia lortuko lukete jauregia botatzeagatik, eta hori "legearen aurkako jardueraren ondorio zuzena" izango litzateke. "Araudia argia da: eraitsi behar ez zen zerbait botaz gero, egin zuena behartua egon daiteke zen bezalaxe berreraikitzera, leiho bakoitza, harri bakoitza eta xehetasun historiko bakoitza errespetatuz", ebatzi dute koalizio abertzaleko kideek.

137 aldaketa

Lanakaz jarraitzeko baimena Udaleko Planeamendu eta Diziplina arloak sutatzaileak aurkeztutako dokumentua ontzat eman ostean etorri dela azaldu du ElCorreo komunikabideak. Zehaztu dutenez, legeak aukera ematen du obrak aurrera eramateko, baldin eta legezkotasun urbanistikoa berrezartzen bada eta eraikina berreraikitzen bada. Horretarako, Ereaga Atalaya kooperatibak proiektu berritua aurkeztu beharko du, eraikina lekuz mugituz eta zenbait aldaketa txiki eginez.

Udaleko ondare-arduradun arkitektoak 137 aldaketa "funtsezko" zenbatu ditu jatorrizko proiektuarekiko: etxebizitza batzuetan logela gehiago, okupazio handiagoa eta erlaitz altueran 34 zentimetroko igoera, besteak beste. Gainera, eraikina XIX. mendeko itxurara ahalik eta gehien egokitu beharko dute, harriz landutako armarri historikoa berreskuratuz eta estilo neoklasikoa errespetatuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun