Elkarrizketak

Jokin Aspuru: "Aurten 'Reset' da leloa, sistema berrabiaraziko dugu, gauzak beste modu hobe batean egiteko"

Ander Zarraga 2026ko apirilaren 29a

Aurtengo Getxophoto irudi-jaialdia antolatzeaz arduratu den lan-taldea.

Aurten Getxophotok 20 urte betetzen ditu eta edizio berezi honetarako. Jokin Aspuru jaialdiko zuzendari artistikoagaz hitz egin dugu hamarkada bi hauetan jaialdiak izan dituen aldaketez, gai nagusiaz, antolakuntzaz eta ospakizunaren nondik norakoez.

Zorionak lehenik eta behin, 20 urte ez dira nolanahikoak. Nola lortu duzuen hainbeste urtez gogoa eta ilusioa mantentzea?

Ez da erraza, guretzat zailena freskotasun hori mantentzea da. Horregatik, gure lan-politikan taldea berritzen joaten gara. Zuzendaritza artistikoaz gain, langileak edo muntatzaileak aldatzen ditugu; horrekin ideia berriak, freskotasuna, etor dadin bilatzen dugu. Zuzendaritza artistikoan, adibidez, komisarioa berritzen dugu. Errazagoa litzateke betikoekin lan egitea, baina jaialdiarentzat hobea da etengabe berritzea.

Maria PTQK komisarioaren hirugarren eta azken urtea izango da hau beraz. Nola definituko zenuke bere zikloa?

Borobila izan da. Guk normalean trilogiekin egiten dugu lan. Berak "Pausa", "Play" eta, aurten, "Reset" landu ditu. "Pausa" arnasa hartzeko izan zen, "Play" aktibatzeko, eta aurtengoa, "Reset", sistema berrabiaraziko dugu, gauzak beste modu hobe batean egiteko. Horren inguruan lan egin dute artista guztiek.

"Getxophoto ekimen independente bat da, kultur elkarte batek antolatua, eta urtero zerotik hasten gara finantzaketa bilatzen, eta uste dugu garaia dela gogoeta bat egiteko eta jaialdiaren etorkizuna denen artean erabakitzeko"

Aurten Asanblea Orokorra ere egingo duzue, urtebetetze ospakizun modukoa izango da?

Horrelako zerbait bai. Topaketa bat antolatuko dugu jaialdiaren jarraitzaile, bisitari, egungo komisario eta baita aurreko edizioetako komisarioekin ere. Getxophoto ekimen independente bat da, kultur elkarte batek antolatua, eta urtero zerotik hasten gara finantzaketa bilatzen, eta uste dugu garaia dela gogoeta bat egiteko eta jaialdiaren etorkizuna denen artean erabakitzeko. Ospakizun serio bat izango da.

Horrez gain, urte hauetan bildutako legatua publikoari zabalduko diozue, ezta?

Bai. Batetik, gure 20 urteko artxibo digitala aurkeztuko dugu. 20 urteotan mundu osoko artistak pasatu dira guretik, eta hori guztia publiko egitea esku-zabaltasun keinu bat da, azken finean diru publikoarekin finantzatu garelako. Bestetik, erakusketa fisiko bat egingo dugu Algortako azokan, jaialdiaren lehenengo erakusketa hantxe egin baikenuen eta guretzako oso gune berezia baita. 

Ze beste ekimen nabarmenduko zenuke aurtengo jaialditik? 

Getxophotorekin batera jaio ziren 20 urteko gazteei omenaldi modukoa ere egin nahi izan diegu. 40 gazte bildu ditugu, eta adin bereko argazkilari batek erretratu bat egin dio bakoitzari. 40 aurpegi horiekin erakusketa bat egingo dugu, denbora erlatiboa dela erakusteko.

Eta zer gertatuko da Portu Zaharreko Sirenoagaz?

Sirenoa gure jaialdiko elementu enblematikoenetakoa izan da. Hainbat lekutan egon da, azken urteetan Portu Zaharrean, baina aurten kendu egingo dugu. Hala ere, agur moduko bat egin nahi diogu. Eskultore bati eta eskultore bati sirena forma bera duen fotokall bat egiteko eskatu diogu, photocall batean erabiltzeko. Omenaldi txiki egin nahi diogu.

Getxophoto lehen udazkenean egiten zenuten, baina azken urteotan udaberrira pasatu duzue. Asmatu zenuten aldaketagaz?

Arrazoi logistiko eta familiarrengatik egin genuen aldaketa, duela lau urte inguru. Hasieran, irailerako dena prestatzeko abuztuan lan egin behar izaten genuen, eta zaila zen materialak lortzea edo jendea aurkitzea opor garaia izanda. Gainera, gure seme-alabak txikiak zirenean, udan gurekin bulegoan jolasten egoten ziren lanean geunden bitartean, baina hazi egin dira, eta orain beraiekin egoteko ere egin genuen aldaketa hori. Egun, ekain-uztail bitartean egitea askoz ere bideragarriagoa da guretzat.

"Adimen artifizialak dena aldatuko du, baina beste tresna bat izango da irudiak sortzeko. Gu, beti bezala, horri buelta bat ematen saiatuko gara"

Nola ikusten duzu argazkigintzaren eta irudiaren etorkizuna adimen artifizialaren garaiotan?

Errealitate bat da eta horrekin bizi beharko dugu. Guk irudi-jaialdi gisa definitzen dugu geure burua, ez bakarrik argazki-jaialdi gisa. Adimen artifizialak dena aldatuko du, baina beste tresna bat izango da irudiak sortzeko. Gu, beti bezala, horri buelta bat ematen saiatuko gara.

Azkenik, hilabetez egongo da zabalik jaialdia. Zeintzuk izango dira gune nagusiak?

Begoñako Galeriak gune garrantzitsua izango da aurtengo jaialdian ere, baita Algortako azoka ere. Gainera, ibilbide gidatuak ere errepikatuko ditugu, eta herriko tabernekin elkarlanean ere arituko gara. Azken finean, jaialdia argazkiez gain, herrian paseatzeko eta gauzak modu lasaiagoan begiratzeko aitzakia bat da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun