"Irurak Bat" auzia

Epaitegiak baliogabetu egin du Getxoko Udalak 'Irurak Bat' jauregitxoaren lanengatik ezarritako 3.875 euroko isuna

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 10a

"Irurak Bat" eraikina zegoen orubea.

Bilboko administrazioarekiko auzien epaitegi batek indargabetu egin du Getxoko Udalak Ereaga Atalaya kooperatibari jarritako 3.875 euroko zehapena, Algortako 'Irurak Bat' jauregitxoan 2024ko hasieran egindako eraispen partziala eta lursailaren indusketa tarteko. Epaiaren arabera, erabaki horrek ez du eraginik jauregitxoaren eraisketaren inguruan zabalik dagoen ikerketa penalean; prozedura hori instrukzio fasean dago eta hamar bat pertsona daude ikertu gisa, tartean EAJko hiru zinegotzi ohi.

Magistratuak ondorioztatu du kooperatibak 2022an emandako obra-lizentzia indarrean zuela, eta, hortaz, egindako lur-mugimenduak eta eraispen batzuk ezin direla "lizentziarik gabeko obra" gisa hartu. Epaian azpimarratu du Udalak replanteo-aktaren onespena atzeratu zuela "kontu txiki" batengatik —etxebizitzetako eskegitokien konfigurazio eta estetika— eta horrek "desproportzioa" eragin zuela, are gehiago "gatazka politikoaren eszenatoki" batean gertatu zelako.

Horrenbestez, epailearen esanetan, udalaren hirigintza arloko jardunak "proportzionaltasunez eta araudietan oinarrituta" egin behar dira, eta ezin da "epe formaletako desadostasun" bat eraikin klandestino baten pare zigortu. Ebazpena irmoa da eta administrazio bideko auzietako bat itxitzat ematen du, 2024ko abuztuko eraisketagatik irekitako beste prozeduraren eta, batez ere, auzi penalaren bilakaeraren zain. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun