Adi Hapo elkarteak Fiskaltzari eskatu dio 'Irurak Bat' kasuan aztertu ez den bide penal bat balioztatzeko

Laura Fontalba Colomo

Getxoko Udalaren osoko bilkurak Irurak Bat jauregiaren auzia eztabaidatzen.

Getxoko auzo elkarteak auziaren itxierak Zigor Kodearen 323. artikuluaren balizko aplikazioa ez duela aztertzen ohartarazi du. Elkartearen arabera, artikulu horrek balio historikoa edo kulturala duten ondasunak babesten ditzake, eraikina "bereziki babestua" izan beharrik gabe. 

Elkarteak salatu duenez, 424/2024 Aurretiazko Eginbideen harira, auzia artxibatzeko autoak Zigor Kodearen 320, 321 eta 322. artikuluak aztertu zituen, baina ez 323. artikulua. Elkartearen arabera, 321. artikuluak "bereziki babestutako" eraikinen eraispena edo aldaketa larria zigortu dezake; 323. artikuluak, ordea, ez du baldintza hori modu berean eskatzen: balio historikoa, artistikoa, zientifikoa, kulturala edo monumentala duten ondasunetan eragindako kalteak jasotzen ditu, babes berezi hori berariaz eskatu gabe.

Adi Hapok gaineratu duenez, auzian bertan badaude Irurak Bat jauregitxoari balio historiko edo kulturala aitortzen dioten dokumentuak. Batetik, Urko Balziskueta Florez udal arkitektoaren txostena: Irurak Batek Getxoko Udalaren aldetik "balio historiko edo kultural jakin bat" zuen 1985etik, eta zaintzapean dauden eraikinen araubidean sartuta zegoen. Bestetik, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren txosten tekniko bat ere badago; horrek Irurak Bat babestu beharreko ondasunen artean kokatzen omen zuen, bere balio historiko-kultural, ingurumeneko edo sinbolikoengatik. 

Bestalde, elkarteak Auzitegi Gorenaren 641/2019 epaia ere aipatu du; izan ere, bertan adierazten denez, 323. artikuluan aipatzen den balio "historiko, artistiko, zientifiko, kultural edo monumentala" epaileek baloratu dezakete, eta ez da ezinbestekoa ondasuna aurretik formalki deklaratuta, erregistratuta edo inbentariatuta egotea. 

Gainera, elkarteak 2022ko urrian emandako udal-lizentzian zer elementu kontserbatu behar ziren eta zer suntsitu zen benetan jakin gura dutela adierazi du, kalte horiek 323. artikuluaren arabera zigor-garrantzia izan dezaketen ala ez baloratzeko. Adi Hapok azpimarratu duenez, artikulu horren balizko aplikazioak ez luke automatikoki ikertutako pertsona guztien erantzukizun penala ekarriko; "kasuz kasu" aztertu beharko litzateke nork egin, agindu edo sustatu zuen eraispena, zer parte-hartze izan zuen bakoitzak, zer zekien eraikinaren balio historiko edo kulturalaz, eta zer zekien lizentziaren eta proiektuaren baldintzez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun