Getxok berriro lizitatuko du hiri-autobusaren zerbitzua

Laura Fontalba Colomo

Irailaren 23ko osoko bilkuran, zerbitzu publikoa arautzeko araudia eta ordenantza fiskala behin-behinean onartu zuten; bertan, hainbat erabaki hartu zituzten, besteak beste, funtzionamenduari, erabiltzaileen eskubide eta betebeharrei, zerbitzuaren tarifari eta proba-pilotuaren epeari buruzkoak. Orain, horren harira, aldaketak iragarri dituzte.

Getxoko Udalak jakinarazi duenez, lizitazio berriak hasieran aurreikusitako baldintzak eta aurrekontua
mantenduko ditu, baina proba-pilotuak zortzi hilabete iraungo du, 12 hilabete izan beharrean. Hala ere, Udalak zerbitzua urte amaieran martxan jartzeko aurreikusitako epeak betetzea espero du.

Aldi berean, Udalak Getxobus martxan jartzeko beharrezkoak diren gainerako arau- eta administrazio-prozedurak izapidetzen jarraitzen du. Horrela, lizitazio berria izapide horiekaz batera garatu gura du, hasieran aurreikusitako epeei eragin gabe.

Orain ezarritako zortzi hilabeteetan, zerbitzuaren jarraipena egingo da, "erabilerari, eskariari eta herritarren mugikortasun-beharrei" buruzko datuak biltzeko. Udalaren arabera, informazio horrek "zerbitzuaren funtzionamendua ebaluatzeko eta etorkizuneko udal hiri-garraioaren ereduaren ezaugarriak zehazteko" balioko du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun