Getxoko Epaitegiak artxibatuta mantenduko du Algortako San Nikolas kaleko 11. zenbakian zegoen Irurak Bat eraikina eraisteagatik irekitako auzi penala. Getxoko Udalak jakinarazi duenez, urriaren 29an emandako ebazpen berrian, epaileak ezetsi egin ditu irailean hartutako artxibatze-erabakiaren aurka aurkeztutako erreforma-errekurtsoak.
Hori horrela, magistratuak berretsi egin du aurretik hartutako erabakia. Ebazpenaren arabera, eraikina eraistea baimenduta zegoen aplikatu beharreko hirigintza-araudiaren arabera, eta ikertutako gertakariek ez dute deliturik osatzen.
Gainera, epaileak argitu dut auzia ez dela artxibatu froga nahikorik ez dagoelako, arrazoi juridikoengatik baizik. Hau da, haren iritziz, ikertutako gertakari guztiak egiaztatuko balira ere, ez lirateke arau-hauste penala izango. Horregatik, ez du beharrezkotzat jo ikerketagaz jarraitzea edo eskatutako ikerketa-eginbide gehiago egitea.
Apelazio-errekurtsoak, oraindik ebazteke
Dena den, auziaren ibilbide judiziala ez da amaitu. Getxoko Udalak azaldu duenez, apelazio-errekurtsoak izapidetzen ari dira oraindik, eta, beraz, goragoko auzitegi batek artxibatze-erabakia berrikusteko aukera dago.
Udalak nabarmendu du garrantzitsua dela herritarrek ebazpenaren edukia eta irismena ezagutzea, gaiak izan duen oihartzun publikoa kontuan hartuta. Era berean, erabaki judizialak errespetatzeko deia egin du, eta abian dauden prozedurei buruzko informazioa zabaltzerakoan arduraz, zorroztasunez eta zuhurtziaz jokatzeko eskatu die alde guztiei.