Koronabirusa Uribe Kostan

Greba bertan behera utziko dute Gorlizko garbitzaileek, "erantzukizunagatik"

Erredakzioa 2020ko mar. 13a, 19:26

Joan den martxoaren 2an abiatu zuten greba. © ELA GARBIKUNTZA BIZKAIA
Garbitzaileek astelehenetik aurrera greba bertan behera utziko badute ere, euren borrokak aurrera egingo duela ohartarazi dute. Horregatik, Gorlizko erakunde eta antolakundeei berriz ere eskatu diete udalerriko bide-garbiketako langileakaz alderatuta pairatzen duten soldata-arrakala desagerrarazteko, kategoria profesional berekoa baita.

Gorlizko Udalaren menpeko eraikinen garbiketa-sektoreko azpikontratatutako langileek, martxoaren 2tik greban daudenek, greba-deialdia bertan behera utzi dute koronabirusak eragindako osasun-krisiaren aurrean erantzukizunez jokatzeko asmoz. Hala ere, bere baldintzak hobetzeko borrokak bere horretan jarraitzen du. Hori dela eta, ELA sindikatuak beste behin ere salatu du Udalak ahoz adierazi duela greban dauden zortzi langileen baldintza ekonomikoak eta lanekoak hobetzeko asmoa baduela, baina uko egin dio horiek beren pleguetan jasotzeari.

"Ez da bermatzen Gorlizko diru publikoa garbitzaileen lana duintzeko izango denik; aitzitik, enpresa pribatuaren esku geratuko da berriro", azpimarratu dute. Gorlizko Udalari eta bertako arduradun politiko eta teknikoei dei egin diete neurri zehatzak har ditzaten garbiketaren sektorearen lan ikusezina duintzeko, sektore hori bizitzaren eta gizartearen funtzionamenduan funtsezkoa izan arren, praktikan ez delako funtsezkotzat hartzen. "Sektore feminizatu eta prekarizatu bateko kide gara, non gure lan eskubideak etengabe urratzen diren, eta ez kasualitatez. Garbitzea ikusezina da, nahiz eta gure lana ezinbestekoa izan komunitatearen iraunkortasunerako; adibidez, Ikastola eta Haur Eskola garbitzen ditugu, Gorlizen garrantzia berezia duten lekuak. Udalak emakumeen eskubideen defentsarako diskurtso baten alde egiten duen bitartean, udal eraikinak garbitzen ditugun emakumeoi ez dizkigu lan baldintza integralak bermatzen, gure bizi baldintzatan kalteak eraginez". 

Osasun krisia dela eta, astelehenean, martxoaren 16an, greba eten eta lanera bueltatuko dira, koronabirusaren hedapena geldiarazteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun