Gorliz Bizirik-eko Ekaitz Pau aukeratu dute Gorlizko alkate

Nahia Martinez Gondra 2023ko eka. 19a, 12:00

Gorliz Bizirik alderdia bost zinegotzigaz sartu da Udalean. © GORLIZKO UDALA

Gorliz Bizirik alderdiko hautagai Ekaitz Pau da Gorlizko alkate berria datozen lau urteetarako. Herri-plataforma indar bozkatuena izan zen maiatzaren 28ko udal-hauteskundeetan, eta zapatu goizean, ekainaren 17an, alderdi horren aldeko botoei esker Ekaitz Pau alkate izendatu zuten Udalbatza osatzeko osoko bilkuran. Bi aldeen arteko akordio baten ondoren, EH Bilduk abstentziora jo zuen Pauk aginte-makila jaso zezan babesteko.

EH Bilduk abstentziora jo zuen Gorliz Bizirik herri-plataformako Ekaitz Pau alkate izateko hautaketa babesteko. Horretarako, alderdi abertzaleak hurrengo eskaerak egin zizkion talde independenteari bien arteko akordioa sinatzeko: Udal langile baten baja laborala onartzen duen epaiaren kontra aurkeztutako errekurtsoa atzera botatzea, Gizalege eta Elkarbizitza ordenantza atzera botatzea, erositako radar zigortzaileak pedagogikoengatik ordezkatzea, kiroldegiko pabiloi berriaren eraikuntza aztertzeko kanpo auditoria bat egitea eta etxebizitza eta eskubide sozialen bulego bat sortzea.

Ekaitz Pau buru zuen zerrendak 1.009 boto lortu zituen (% 32,77) maiatzaren 28ko udal-hauteskundeetan. Horrela, Gorliz Bizirik alderdia bost zinegotzigaz sartu da Udalean. Bestalde, EH Bilduk 943 boto eskuratu zituen (% 30,63), aurreko legealdiko lau zinegotziei eutsiz. EAJk aldiz, 877 botogaz, aurreko legealdian zituen sei zinegotzietatik bi galdu ditu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun