Zein da Gorlizek eskaintzen dituen turismo jarduera nagusiak?
Saiatzen gara iraunkortasunarekin lotuta dauden ekintzak ateratzen. Hilabetero ibilbide zirkularren bi irteera ditugu, eta Gorlizen hasten eta bukatzen dira. 15 pertsonentzako aforoa dute, dohainik da eta inguruak ezagutzeko helburua dute. Hala ere, batzuetan, urrunago ere ateratzen dira. Dugun beste eskaintza bat da ibilketa nordikoa. Osasunarekin erlazionatuta egon arren, irteera horietan geologiari buruz ere hitz egiten da. Betiere, gidariei eskatzen diegu jendea heztea, baita ingurugiroaren eta kutsaduraren alorrean ere. Bertan, aforoa 20 pertsonakoa da.
Lanean hasi zinenetik gaur egun arte, nabaritu duzu udalerriko eskaintza aldatu dela?
Bai. Ni hasi nintzenean produktu nagusia hondartza zen. Orain, saiatzen gara beste gauza batzuk erakusten eta batez ere uda sasoiko turismoa soilik ez izaten. Duela urteak, ekitaldi ezberdin batzuekin hasi ginen hasi ginen, adibidez, Dastatuarte jaialdia edo Dastaturria. Azken honekin, urriari inpultso bat eman nahi genion. Gau Beltzarekin ere turismoa erakarri nahi dugu euskal tradizioa balorean jartzeko.
Nola aldatu da turisten profila?
Profila barik, noiz etortzen diren aldatu da. Egia da turismo bulegoan bisita presentzialak asko jaitsi direla. Web orria eta sareak erabiltzen dituzte. Baina, batez ere, web orrian jarri ditugu gure indarrak eta ahalegindu gara turistek behar duten guztia topa dezaten. Adibidez, pasa den abenduaren 24an, Turismo Enpresa Adimenduaren ziurtagiriari jarraiki, diagnostiko bat egin genuen web orriko irisgarritasuna aztertzeko eta 11 ekintza zuzen ditugu prestatuta 2025erako. Adibidez, irudi korporatiboaren koloreak jende guztiak ondo ikus dezala ziurtatzea. Gauza horiek zaintzen ari gara datozen pertsona guztiak ondo artatzeko.
Uda eta neguaren arteko kontraste handia nabaritzen duzue?
Gero eta gutxiago nabaritzen dugu, baina kontrastea bertan dago. Estimatzen dugu udan 20.000 lagun inguru egoten direla bizitzen, bigarren mailako etxebizitzetan. Gure biztanleria 6.000 lagun ingurukoa da. Egia da gure turista profilearen arabera, udatiarra jada ez datorrela soilik udan: asteburu luzeetan eta zubi luzeetan ere etortzen dira. Hala, maiatzetik aurrera ere etortzen dira eta herrian kontsumitzen dute. Tarte hori beraz apurka-apurka aldatzen ari da baita egungo tenperatura aldaketaren ondorioz ere.
Nola hartu duzue jasotako Turismo Enpresa Adimenduaren ziurtagiri berri hori?
Pozik jaso dugu. Gu ez ginen horretara aurkeztu. Jata Ondok, Uribeko turismo arduradunek, aurkeztu zuten gure kandidatura. Pasa den urtean aurkeztutako arau berri bat da eta erabaki behar zen zein bulego edo enpresa izan behar zen eredu hau pilotatzeko, apur bat ikusteko zein puntutara arte eskatu ahal ziren arauko gauzak. Basquetourrek gure bulegoa aukeratu zuen orain arte parte hartu dugulako eurek eskaini dituzten lehiakortasun programetan. Eskertuta gaude asko ikasi dugulako prozesuan, izan ere, guk kalitate ziurtagiria 2008tik genuen, baina jada sistema apur bat zaharkituta geratzen ari zitzaigun.
Arau berri honetan 5 ardatz daude: iraunkortasuna, irisgarritasuna, teknologia, berrikuntza eta hobekuntza jarraia. Beraz, egiten ditugun gauza guztiak ardatz horietan oinarritzen dira. Arau honekin ere ikasi duguna da datuak biltzen eta datu horiekin erabakiak hartzen. Fokua ere asko ireki digu iraunkortasunean. Hemendik sortu diren lizitazioetan ingurugiroarekin lotutako klausulak jarri dizkiegu enpresei ibilbide zirkularretan ingurugiroko mezuak eta informazioa emateko eskatzeko. Hala, ez dugu masazko turismo bat egin nahi, nahiz eta Gorliz izan eta norberak bere erakarpen turistiko propioak izan.