Gizarte gaiekiko, Udal Gobernuaren (EAJ-EA) "utzikeria" salatu du Erandioko IUk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2003ko abe. 16a, 21:01
Atzoko osoko bilkuran, gehiengo osoz, onartutako udal aurrekontuak kritikatu ditu gaur Natalia Rodríguez Erandioko IU-EBko bozeramaleak. Honen iritziz, Udal Gobernuaren (EAJ-EA) "kudeaketa kaskarraren eredu" dira aurrekontu berriak. "Premiazkoak ez diren gaiak kontutan hartzen ditu, gizarte beharrizanak bazterrean utziz", adierazi du.
Natalia Rodríguez Erandioko IU-EBko bozeramaleak gaur kaleratutako prentsa oharraren bidez adierazi duenez, gizarte premia larriak dauzkan herrian, "ez dauka zentzurik" aurrekontuen %20 Kultura Arlora bideratzea. "Gizarte Ekintza, Osasuna eta Kontsumoa, Enplegua eta Sustapena, eta Agenda 21 bezalako gaiek %6,30 baino gutxiago jasoko dute", gaineratu du.

Bere ustez, "gizartean ematen diren ezberdintasunak konpondu eta gutxiago dutenei lagundu beharrean", bestelako lehentasunak dauzka Udal Gobernuak. Horretaz gain, EAJ eta EA alderdiek etxebizitzaren arazoarekiko "sentiberatasun eskasa" adierazten dutela salatu du. Rodríguezek adierazi duenez, "babestutako etxebizitzak egiteko dirurik ez dute emango".

Halaber, Udalaren zorra bost milioi eurotan egin duela gora kritikatu du IU-EBko bozeramaleak. Pilotaleku berria, futbol-zelaiko harmailak eta bestelako azpiegiturak egiteko erabiliko dute dirua, "Gizarte Larrialdi Dirulaguntzak gehitu beharrean".

Hori dela eta, Udal Gobernuaren kudeaketarekiko "konfidantza eza" adierazi du Ezker Batuako zinegotziak. "Kaleak oinezkoentzat jartzeko, Metroko plazako obretarako edota Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeko lurrak erosteko, urtero-urtero diru-partidak jartzen dituzte, baina inoiz ez dira erabiltzen", gaineratu du Rodríguezek.

Atzoko udalbatzarrari dagokionez, aurrekontuen osotasunari aurkeztutako zuzenketan baino ezin izan dituztela defendatu salatu du IU-EBko bozeramaleak. "Gehiengo osoak eskaintzen dien zapalkuntzarako aukera praktikan jartzen dihardute EAJ eta EA alderdiek", gaineratu du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun