Frustrazioari aurre egiteko, autodeterminazioa eta desobedientzia - Igor Elordui

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko urt. 9a, 21:23
Apenas izan bagarenaren kontzientzia hartzen ari garenean, garena definitzera eta izan nahi dugunaren gainean erantzutera bultzatzen gaituzte. Nor zara zu, nola deitzen zara? Zenbat urte daukazu? Nongoa zara? Zer izango zara nagusi zarenean? Azken galdera honek ematen dit gehien “porkulo”, etorkizunean gizaki frustratu bihurtzera garamatzaten iruzur nagusiak jasotzen baititu bere baitan: zer garen, zer izan nahi dugun eta zahartzarora ailegatzea (kasurik onenean).
Gainera artean nolakoak garen ez dakigun arren iraunkorki nolakoak izan nahi dugun hausnartzera kondenatzen gaitu. Etengabe zoriontasuna amesteak errealitatea zoriontasun ezan irudikatzera garamatza derrigorrean. Alea jacta est.

Gizon eta emakume frustratuk osatzen dugun gizarte frustratua da beraz nik ezagutzen dudana. Frustrazioarekin bizitzen ikasi dugu eta beherapenak aprobetxatuko ditugu, kontsumismoaren atzaparretan galduak, gure frustrazioak osagarri eta jantzi liluragarriz zertxobait mozorrotzeko. Baina etsipenetik haratago egiatzat hartu dugun errealitatea eraldatzen saia gaitezke frustraziotik ihes egiteko.

Autodeterminazioa, indibiduala zein kolektiboa, tresna baliagarria da horretarako. Nork bere burua autodeterminatzetik hasita egokitu zaizkigun izen, adina, jaioterri, nazionalitate, erlijio, sexu eta abarrekoak aldatu edo aldarrikatu ditzagun konpleju eta beldur barik. Gero, desobeditzera.

Badira ni bezala izena, sexua eta izatearekin erdi konforme egonagatik frustrazio kolektiboari erreparatzen diotenak gure artean diren autodeterminazio eta desobedientziaren egintza eredugarri batzuk kontuan hartu barik, Jose Ignacio izena eman zioten Irene nire lagunarena kasu. Baina Irenek egin duena egiteko frustratua izateaz aparte kontziente eta ausarta izan behar da. Aska gaitezen ezarritakoaren tiraniatik. Gure frustrazio indibidual eta kolektiboen prospekzioa egin dezagun, autodetermintatu gaitezen eta desobeditu dezagun. Gora demoak!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun