Eutsi Euskal Herri kantariari! - Nekane Ardanza / Getxo Irratiko kazetaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 4a, 22:36
Euskaldunok musikazaleak gara edo, hobe esanda, edozein ospakizun edo une berezi -jateaz gain- abestuz ospatzea gustatzen zaigu. Are gehiago, euskaldunoi taldean abestea gustatzen zaigu batez ere. Gure inguruan begiratu ez dugu baino egin behar konturatzeko zenbat eta zenbat koadrila animatzen diren, edozein aitzakiarekin, han-hemenka abesten hasteko. “Euskaldunak beti abesten du. Etxean abesten du, eleizan, kalean, soroan abesten du. Pozik zein triste dagoenean abesten du”. Hitz hauek Jose Antonio de Donostia abadeak esan zituen 1921ean Gasteizen emandako hitzaldi batean eta hala jasota daude Ekin argitaletxeak 1943an kaleratutako “De música vasca” izeneko liburuan.
“… Deuna Agatena batzeko gatoz aurte be igazko berberak, igaz lez hartu gagizuz eta zabaldu zuen sakelak”. Ehunka ume, guraso eta nagusi irten berri dira kalera egun seinalatuan, iluntze atsegin bat elkarren ondoan kantuz igarotzeko. Baina Agate Deunarena adibidea baino ez da. Zeinek ez daki, bada, Athletic-en ereserkia, Boga-Boga, Lau Teilatu edo “Aita Jainkoak egin banindu zeruetako giltzari …”. Doinu horiek guztiek belaunaldi ezberdinetako sasi abeslariok elkarrekin gozatzeko erabiltzen ditugu. Baina askoren zaletasuna urrunago doa eta halako batean erabaki zuten afizio horri gehiago ekitea, nolabait esateko, “kalitatezko produktu landua” jendearen aurrean eskeini ahal izateko. Herriko abesbatzez ari naiz.

Getxon ugari eta era askotakoak dira abesbatzak eta gehienak mistoak, hau da, emakumez eta gizonez osatuak: Areetako “Zozoak” eta “Ondarreta”, Erromoko Nagusien Etxeko “Ibar” taldea, eta Algortako “Tangorako Soinutarrak”, “Irutasun” eta “Itxartu”, besteak beste. Ahots zurien abesbatza ere badago Erromo aldean, “Txori Alai Abesbatza” izenekoa, eta ezin dugu ahaztu agian Getxoko abesbatzen aitzindari izan zena, Algortako “Biotz Alai”, hirurogei bat ahots baxuk eratua. Talde hauek guztiek osatzen dituzten abeslariak astero elkartzen dira bitan edo hirutan entseguak egiteko. Bertan euskal kantuen zein nazioarteko abestien errepertorio anitza lantzen dute eta sarritan udalerritik kanpora irteten dira inguruetako herri edo erkidegoetara eta, zorioneko batzuk, noizean behin, atzerrira ere joaten dira.

Nire mirespen eta onarpen osoa adierazi nahi diet pertsona hauei guztiei eta eurek egiten duten lanari. Askotan kexati agertzen dira bertokoak izanik merezi duten neurrian ez ditugulako aintzakotzat hartzen. Baina hori ez da egia. Usadioz, Euskal Herriko abesbatzak ezinbestekoak izan dira euskara eta euskal kulturaren sena belaunaldiz belaunaldi transmititzeko eta ziur nago aurrerantzean ere horrela izango dela.

Egungo mundu globalizatu honetan, non teknologia berriak eta industria handiek produktu artifizial eta bideratuak baino ez dizkiguten eskaintzen, ona da etxe ondoan daukagunari begiratu bat ematea eta gure laguntza eta elkartasuna eskeintzea. Eutsi Euskal Herri kantariari!

P.D.: Guztion adierazpen askatasunaren ezaugarri diren heinean, nire elkartasun osoa erakutsi nahi diet egun euren lan artistiskoaren kontra jazarpenak jasotzen ari diren euskal zein mundu osoko abeslari, musika talde, zinegile, idazle eta artista guztiei.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun