Legebiltzarra: parlamentua ala kafetegia? - Xabi Paya / bertsolaria

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko ots. 24a, 22:58
Ez da izango zuzenena nik halakorik idaztea legebiltzarrari buruz, izan ere, bertan hasi behar baititut karrerako azken praktikak. Hala ere, hortaz jardun nahi nuke, legebiltzarrak teorian zer izan beharko lukeen eta praktikan benetan zer den. Argitu dezadan, beraz, artikulu hau bertsolari moduan sinatuko badut ere, legebiltzarrera egun pasa joateko eskubidea daukan euskal herritar edo pertsona ororen ikuspegitik mintzatuko naizela, bertan, legebiltzarkideen jerga edo argot kasik ulertezina dezifratzea zeregin izango dudan arren.
Bi ostiral dira Gasteizko Euskal Legebiltzarrera joan nintzela bigarren aldiz. Bigarren aldiz diot, izan ere, txikitan (umetan esatea hobe nukeen arren) lehenengo aldiz eraman baikintuzten Jonek eta Begok, ikastolako irakasleek. Ikastolarekin joan ginen hartan oso ezberdina iruditu zitzaidan lekua, baita jendea ere. Ardanzaren garaiaz ari naiz: Siberia-Gasteizko astearte edo asteazken euritsu horietako bat izango zen. Autobusean bidali gintuzten Euskal Autonomia Erkidegoko hiriburura, nahiz eta bizkaitarrak izanik benetako hiriburutik hiriburu faltsu batera gindoazela pentsatu.

Umetan legebiltzarkideen ganbarara sartzen utzi ziguten, eserlekuak ukitu gabe. Ezin sar gintezkeen eserlekuena leku sakratua zelako, agian palankaren bat sakatu edo botoiren bat ukitu genuelako, inolako intentzio txarrik gabe, beti ere. Gure motxilatxoekin buelta azkar bat eman eta handik irten behar genuen, eserlekuetako espirituak berpiztu baino lehen, Ameriketako Estatu Batuetako independentzia bertan hitzartu izan balitz bezala.

Duela bi ostiral, aldiz, oso ezberdina izan zen. Ostirala eta 13, zorte txarreko data kultura anglosaxoiarentzat. Agian hori besterik ez zen izan, zorte txarreko kontua, baina kontua da espirituak bizi-bizirik zeudela. Gai ordenak hala zioen: unibertsitateen lege organikoa, geriatria, La Navaleko ontziolen egoera... Prestige-aren hondamendia, Irakeko arma ikusezinak edo Kataluniako batzarrak aipatuta ere ez dakit legebiltzarkideen egoera eta jarrera asko aldatuko zenik. Izan ere, dezepzioa itzela izan zen: inork ez zion arretarik jartzen unean hizketan ari zenari. Alderdi popularreko emakume batek bere alderdiko eserleku denak probatu zituen, pertsonaren araberako hizketa berri bati ekinez bost minuturo (eta ez dut uste eguneko gaiez mintzatuko zenik; gehiago ematen zuen bere alabaren ezkontzaz edo txaleteko lorategiko arrosez ari zela). Alderdi jeltzaleko partaide gehienak egunkaria irakurtzen ari ziren (gaitzerdi DEIA bazen irakurtzen zutena), batzuek libururen bat edo beste. Alderdi Sozialistako kideak ere egunkariarekin edo aldizkariekin ari ziren. Eta hori bai, guztiak telefono mugikorra esku batean eta bestean eserleku azpian dagoena. Akzio gehiegi burtsan.

Gerora konturatu nintzen ganbaran falta ziren legebiltzarkideak ez zeudela gaixorik edo bestelako batzarren batean: kafetegian zeuden. Han egiten omen da benetako politika eta han hartzen dira benetako erabakiak. Eta inork dagoeneko pentsatu badu orduan nola dakiten botoa noiz eman behar duten, erantzuna oso erraza da: institutuetako txirrinak bezala, bozketa gertu denean legebiltzarra txistuka hasten da eta orduan, kafe kikara eskuetan daukaten legebiltzarkideek korrikaldi azkarra egin behar dute euren eserlekuetara. Hala ere, esan beharra dago bazeudela botoa eman behar ez zutenez, kafetegian gelditzen zirenak.

Irakaspena: horiek Euskal Herria konpondu behar badute, has gaitezke gure aldetik ahal den guztia egiten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun