"Amorralditzat" jo ditu PPren salaketak IAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2004ko abe. 16a, 22:59
Abenduaren 2an Euskal Herriko Unibertsitatean egin ziren Klaustro eta hainbat Fakultateko Junta edo Batzar eta Ikasle Kontseiluetako ordezkariak aukeratzeko hauteskundeak "bahitu" izana leporatzen aritu da azken egunetan Ikasle Abertzaleak taldeari Iñaki Ortega PPko legebiltzarkidea. Honen aurrean, "irabazteko ikasleek joku zikinaren beharrik ez" dutela eta hauteskundeetan lortutako emaitza onekin, "ikasleen eskubideen defentsan" jarraituko dutela erantzun die popularrei IAk. (Argazkian, Iñaki Ortega PPko legebiltzarkidea)
Gaur izan da Leioako campusean klaustro batzarra. Abenduaren 2an izan ziren hauteskundeetan ikasle talde bozkatuena izan zen Ikasle Abertzaleak eta, Gobernu Batzordean egongo diren hiru ikasleak IAkoak izango direla ebatzi da. Baita klaustroko mahaiko ikasle ordezkaritza ere.

Horretaz gain, Iñaki Ortega PPko legebiltzarkideak egindako adierazpenei erantzun nahi izan diote: "Komunikabide boteretsuak erabiliz haien 'pataleta' lau haizetara zabaldu duten horiei: Euskal ikasleok ez dugu joku zikinaren beharra irabazteko! Gure lana ez baita kanpainetan baloratzen, urte osoan zehar, ikastetxez-ikastetxe eta fakultatez-fakultate ikasle eskubideen defentsan egindako lanean baizik. Eta jakin ezazue, bidean jartzen dizkiguzuen traben aurrean ere, gure lanean arituko garela burubelarri, erasoen aurrean ikasle eta abertzale baikara".

IAkoen ustez, "Ikasle Abertzaleak Euskal Herri osoko lehenengo ikasle indarra dela erakusten dute aurtengo emaitzek; EHUko klaustroan, non gehiengo osoa dugun, zein NUP eta Baionako unibertsitatean". Urtez urte IArekiko ageri den atxikimendua, ikasleen defentsan egindako lanaren ordaina dela uste du ikasle antolakundeak.

Emaitza horiekin euskal ikasleria "historia idazten" ari dela erakusten dutela uste dute. Hala ere, "Euskal Herriko ikastetxe eta fakultateetan ematen diren eskubide zapalkuntzaren aurrean tinko mantentzeko hautua" egin behar dela nabarmendu dute.

PPren salaketak

EHUko Klaustrorako hauteskundeetan, hainbat hautagaitza independienteetako kideek "agresio fisikoak, boikota eta mehatxuak" izan dituztela salatu du azken egunotan Iñaki Ortega PPko legebiltzarkideak. Emaitzen fidagarritasuna zalantzan jartzeraino ere heldu da ordezkari popularrak, bere ustez, "horrelako gertaerek hautagaitza erradikalek are ordezkaritza handiagoa ahalbidetu dutelako".

Halaber, horren aurrean "inolako neurririk ez hartzea eta gertaerak isilean gordetzea" egotzi dio Juan Ignacio Perez EHUko errektoreari. Hain zuzen ere, "Eusko Jaurlaritzak antolatutako kanpaina baten barruan" kokatu ditu gertaerak Ortegak. Bere hitzetan, "normaltasun egoera faltsua saldu nahi die herritarrei Jaurlaritzak. Nolabait, tregoa tazito baten aurrean gaudela, hauteskundeetan probetxua atera eta Batasunak Ibarretxe Plana bozka dezan".

Ortegaren arabera, gertaera guzti horiek EHUn salatuak izan ziren eta kaltetuek hauteskundeak berriro egiteko eskatu omen zuten.


Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun