EAJk eta PPk bat egin dute Urdulizko aurrekontuak onesteko orduan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko abe. 20a, 13:04
Urdulizko Udalak 4.530.950,92 euroko aurrekontua onetsi du hurrengo ekitaldirako, EAJren gobernu taldearen eta PPren aldeko botoekin. EA abstenitu egin zen eta PSE ez zen aurkeztu. Urteko kontu hauek aurreko ekitaldian baino 901.150 euro gutxiago dira, udal iturriek nabarmendu dutenez. Izan ere, "2007an hasita dauden obrak errematatzea baino ez zaigu falta, kultur etxean edo futbol zelaian adibidez", azaldu du Juan Olea alkateak. Gaineratu duenez, "bi obra horiekin hauteskundeetako plana bete dugu". Bestalde, Udalkutxak 1.978.944 euro emango dizkio Udalari. Argazkian, Juan Olea Urdulizko alkatea, Miren Dobaran Berangoko udal agintaria lagun duela.
2007ko aurrekontuetan, inbertsioen kapituluan jarri dute dirurik gehien: 1.589.211 euro. Atal horren barruan, hiru puntutan banatu da ahalegin ekonomikorik handiena: kultur ekipamenduak (666.828 euro), futbol zelaiaren eraikuntza (300.000 euro) eta Aita Gotzon 40 aldearen urbanizazioa (126.000 euro). Badira beste inbertsio batzuk ere: argiztapena (24.000 euro), kiroldegian eguzki-panelak jartzea (22.000 euro), panel informatikoak erostea (6.000 euro) eta udal biltegirako habe bat eraikitzea (27.000 euro), besteak beste. Ondasun eta zerbitzuak erosteko ere partida garrantzitsua dago, 1.589.211 eurokoa, hain zuzen. Langileria gastuetarako 974.315 euro daude eta transferentzia arrunterako 357.235 euro aurreikusi dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun