Gazteluetako ikasle ohiaren familiak auzia berriro zabaltzeko eskatu dio aita santuari

Iker Rincon Moreno 2015ko urr. 19a, 10:05

© GAZTELUETA

Irakasle batek sexu-abusuak egin omen zizkion Leioako Gaztelueta ikastetxeko ikaslearen senitartekoen berbetan, auzia "sekula ez" du ikertu Eliza Katolikoak, Vatikanoak "sei hilabetez" ikertu egin zutela adierazi arren. Hala, Frantzisko aita santuari auzia berriro zabaltzeko eskatu dio, Radio Euskadik jakitera eman duenez. Agiri oso gogor batean, informazioak zuzendu eta gezurtatu ditu gaztearen familiak. Gainera, Eliza Katolikoaren pertsonak eta erakundeak salatu ditu. Bitartean, epaitegian aurrera jarraitzen du auziak.

Gotzainen Biltzarreko ordezkari bik gaztearen gurasoakaz ekainaren 19an izan omen zuten bilera "tranpa eta iruzurra" izan zela uste dute ikasle ohiaren senideek. "Fedearen Irakasbiderako Kongregazioak sexu-abusuak izan zirela baieztatzeko frogarik ez zegoela zabaltzeko erabili omen zuen bilera", diotenez.  Gotzainen Biltzarrak gezurtatu egin zuen batzar hori egon zenik.

Bestalde, Mario Iceta Bilboko gotzainaren jarrera publikoki salatu du familiak. Gotzainaren "jarrera zaputza" kritikatu dute ikasle ohiaren senitartekoek, babesa emateko telefono-dei "bat ere" ez dielako egin. Nahiz eta "tragediaren berri izan, ez du inoiz lagundu", erantsi dute. Horregatik, "Bilboko Gotzaindegiaren kudeaketa beldurgarria publikoki onartzeko eta, Mario Iceta jaunari, egindakoa zuzentzeko" eskatu dio familiak.

Azkenik, Imanol Goyarrola Gaztelueta ikastetxeko zuzendariari, Iñaki Cires zuzendari ohiari eta Gonzalo Landaburu kapilauari "gezurretan aritzeari uzteko" eskatu diete ikasle ohiaren senideek. "Nahiz eta berandu izan, onartu beharrekoa behingoz onartzeko" eskatu diete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun