EH Bilduk Leioako Gaztelueta ikastetxeko afera eroango du Eusko Legebiltzarrera. Oihana Etxebarrieta legebiltzarkidearen iritziz, "larria eta onartezina" da Gazteluetako zuzendaritzak erakutsi duen jarrera sexu-abusuak salatu zituen ikaslearekiko; bera babestu beharrean, Bizkaiko Auzitegiak horrexegatik zigortu duen irakaslearen alde ipini da. Hori dela eta, Etxebarrietak zuzenketa egin dio gaur umeen eta nerabeen aurkako sexu-indarkeriari buruz Ahal Duguk aurkeztutako proposamen bati, Legebiltzarrak Hezkuntza Sailari galdegin diezaion Gazteluetari diru-laguntza publikoa berehala kentzeko. Halaber, EH Bilduko legebiltzarkideak proposatu du Jaurlaritza "akusazio partikular legez aritu dadila Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan sexu-erasoak salatzen diren kasuetan".
Etxebarrietak erroldatutako zuzenketak Gazteluetako zuzendariak sexu-abusuak egiteagatik zigortutako irakaslea defendatzeko egin zituen adierazpenei ere heltzen die. "Deitoragarritzat, umiliagarritzat eta iraingarritzat" jo ditu eta, ondorioz, proposatu du Legebiltzarrak zuzendariaren berbak gaitzestea eta biktima izan zen ikasleari babesa adieraztea.