Lan-kontuak direla eta aspalditik dauka Leioagaz lotura Martínezek. 2004tik dago afiliatuta alderdian, eta azken agintaldian zinegotzia izan da Leioan. Bere aurkezpenean, adierazi du Leioa "paralizatutako udalerria" dela: "EAJren azken hauteskunde-programak ikusi besterik ez dago; La Avanzada lurperatuko dutela eta tranbia ekarriko dutela esaten daramate hamabost urte, baina Eusko Jaurlaritzatik proiektuok lehenesten ez dituen euren alderdiari men egiten diote gero".
Hauteskundeak irabaztekotan udal-tasak eta zergak jaitsiko dituela hitz eman du Martínezek. "Uste dugu gehiago egin daitekeela gutxiagogaz; hobari-sistema bat ezarriko dugu, gure bizilagunei bizimodua errazteko".
Bestalde, Auzo Batzordeak sortzeko proposatu du, auzo bakoitza aurrekontu bat eduki dezan eta "bertakoek erabaki dezaten diru horregaz zer egin", eta gaur egungo udal-gobernuaren hizkuntz politika kritikatu du, umeak "doktrinatu" egiten direla esanez: "Denentzat gobernatu gura dugu, baina libreki, eta ez, orain PSOEk egiten duen moduan, umeak jolas-orduetan euskaraz egitera behartzeko dirutza gastatuz".
Segurtasuna ere izan du berbabide, bere alderdiak joan den azaroan egindako eskariaren ildotik. Azken boladan delinkuentzia Leioan %75 handitu dela adierazi du Martínezek (ez du zehaztu zer epetan), eta horri aurre egiteko udaltzain gehiago eta komisaria berria beharrezkoak direla gehitu du.