Avanzadako irteera mantenduko da, Aldundiak eta Udalak atzera egin ondoren

Ander Zarraga 2021ko mar. 26a, 14:11
Iban Rodriguez Leioako alkatea eta Imanol Pradales Azpiegitura diputatua.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Leioako Udalak herritarren aldarrikapenak entzun eta polemika piztu zuen Avanzadako irteera mantenduko dute. Hasierako proiektuaren berrikuspena egin ondoren, Udondon biribilgune bat egin eta segurtasuna eta arintasun bermatzeko helburua mantenduko dela azpimarratu dute arduradunek.

Otsailean aurkeztu zuten Avanzada berrantolatzeko lanen bigarren fasean, tunelaren ondoren dagoen lehen irteera ezabatzeko egitasmoa azaldu zuten Bizkaiko Foru Aldundiak eta Leioako Udalak. Erabaki horrek herritarren haserrea piztu zuen, eta, ordutik, hainbat mobilizazio egin dituzte leioaztarrei eragingo dizkieten kalteak ikusarazteko.

Gaur, martxoaren 26an, Iban Rodriguez Leioako alkateak eta Imanol Pradales Azpiegitura diputatuak prentsaurrekoa eman dute proiektuaren berregituraketaren berri emateko. Azaldu dute segurtasuna bermatzeko premiazko helburua mantenduko dutela, Bilborako noranzkoan Avanzadako irteerak eta sartzeak hobetuz. Hala ere, hasierako egitasmoa aldatu, eta tunelaren ondoren dagoen irteera mantenduko dutela jakinarazi dute.

Alkateak azpimarratu du erabaki horregaz "onurak mantentzen dituztela", eta auzoetako biztanleei kaltea ahalik eta gehien murriztuko dutela. Birmoldaketa hori, obrak geldiarazteko plataformagaz izan zuten batzarraren harira sortu dela jakinarazi du; udalerriko hegoaldeko bizilagunei eragingo zien eragozpenez jabetu ziren horretan. Hala, gaur aurkeztu duten berrikuspena proposatu zioten Aldundiari, bere bideragarritasun teknikoa aztertzeko.

Pradalesek azpimarratu du erabaki horregaz segurtasunaren helburua mantentzen dela, nahiz eta "hasierako proiektuagaz 10 bat izango genuen eta honegaz 8 bat izango dugun". Gaineratu du epeak mantentzen direla, eta Udondoko biribilgune berria maiatzean eraikitzen hastea aurreikusten dutela. Aldaketa horiekaz, aurrekontua 3.030.000 eurora igoko dela ere zehaztu du, "lur gehiago mugitu eta drainatzea ere sakonagoa izan beharko delako".

Egitasmo berriak honako esku-hartzea aurreikusten du: Avanzadako irteera mantenduko da, Iparragirre etorbidean Udondoko lotura ezabatuko da, Udondoko lotunearen hegoaldean biribilgune bat egingo dute, eta Mendibidetik Avanzada ondoko bidera sartzea ezabatuko dute, besteak beste.

Oposizioari erantzuna

Lanak geldiarazteko plataformak eztabaida publikoa antolatu zuen martxoaren 23an, gai horren inguran aldeek beren usteak plazaratzeko. Udala bertara ez joatea arrazoitzeko, alkateak adierazi du alderdi politikoek bere eztabaidetarako espazio propioak dituztela, eta ez daudela prest "krispazioaren erdigunean egoteko". Gaineratu du plataformako kideakaz bai batu dela, beraien eskaerak entzuteko, eta alde guztien beharrei erantzuna ematen saiatzeko.

Bestalde, diputatuak azaldu du Leioa Martxan plataforma izan dela Aldundiari zuzenean aukera bat planteatu dion talde bakarra, eta argitu du oposizioaren aldetik ez dela "inolako proposamenik" egon.

Lortutakoagaz "pozik"

Barrios Conectados Leioa – STOP Obras ekimeneko Iker Gonzalez bozeramaileak adierazi du pozik daudela egitasmoaren aldaketagaz, beraiek eskatzen zuten bezala, irteera mantenduko delako. Nabarmendu du erabakia leioaztarren determinazioaren ondorioa izan dela, baina ohartarazi du hori ez dela "puntu eta amaiera bat".

Orain, Avanzadaren lurperatzearen bidean ematen diren pausoak jarraituko dituzte, eta adierazi du ez dutela estaldura onartuko, "adabaki bat besterik ez" litzatekeelako. Momentuz, Bizkaiko Batzar Nagusietan eztabaidatzen dena jarraituko dute, eta argi utzi du: "Beharrezkoa bada berriro aterako gara kalera".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun