Udalaren zentsura pairatu dutela salatu du Leioako mugimendu feministak

Ander Zarraga 2022ko mar. 10a, 15:14

Martxoaren 8ko manifestazioan zentsuraren aurkako kartelak ere atera zituzten.

Suteak eta Leioako Sare Feministak adierazi dute Leioako Udalak martxoaren 8ko deialdiak zentsuratu zituela. Azaldu dutenez, hilaren 6an, udaltzainek Sare Feministako hiru kide identifikatu zituzten martxoaren 8ko mobilizazioetara deitzeko kartelak jartzen ari zirela: "Kideetako bat identifikatua izan zen kartelak besapean eramate hutsagatik".

Leioan egindako martxoaren 8ko mobilizazioaren osteko adierazpenean deitoratu zutenez, "Leioako Udala feminismoaren eta berdintasunaren alde lerrokatzen dela dioen bitartean, Leioako mugimendu feministaren jarduna oztopatzen du".

Hori dela eta, Leioako Udalaren jarrera salatu zuten, "egunotan bizitako jazarpenaren etetea eskatuz eta gure jardun politikoa askatasunez garatzeko eskubidea aldarrikatuz". Era berean, oztopoen aurrean emakumeen antolakuntza- eta saretze-lanetan jarraituko dutela ere aldarrikatu zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun