Milaka lagun atera ziren atzo Uribe Kostako herri eta auzoetan, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren testuinguruan antolatutako manifestazioetan parte hartzeko. Aurten, besteak beste, zaintza-lanetan dauden desorekak azaleratu gura izan ditu Euskal Herriko mugimendu feministak eta, arlo horretan, "duintasun ezaren muturreraino" iritsi diren egoerak salatu zituzten atzo.
Deitoratu dutenez, emakumeen zaintza-lan ez-ordainduetan oinarritzen da sistema kapitalista, eta salatu dute lan horiek komunitatean egin beharrean familietara mugitzen direla eta horiek gero eta merkantilizatuago daudela. Hala, zaintza sistema publikoa aldarrikatu eta mezu hori ozen zabaldu zuten atzo Euskal Herriko kaleetan, baita Uribe Kostakoetan ere.
Era berean, bigarren mezu indartsu bategaz hartu zituzten kaleak: "Zapaltzen gaituen sistemari sua". "Egunero zapaltzen, erasotzen eta erailtzen gaituen sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista, kapazitista hau kiskali nahi dugu. Jendartearen gehiengoarentzat, eta bereziki emakumeontzat* eta sexu-genero disidenteontzat kriminala eta jasanezina den eredu honekin bukatu nahi dugu".
Hala, eskualdeko herri eta auzoetan, mezu horiekaz bat egin eta kaleak morez jantzi zituzten manifestazio jendetsuetan. Izan ere, COVID-19aren pandemiak ez du borrokarako grina gutxitu, eta emakume gazte, heldu zein nagusiek kalera atera ziren euren aldarrikapenak ozen oihukatzeko.
Horrez gainera, atzoko borroka-eguna atzean utzita, talde feministek gogoratu dute auzo eta herrietan emakumeen artean sareak josten hasiak direla, eta horretan jarraituko dutela euren ahotsak entzunak, euren gorputzak ikusaraziak, "baina ez begiratuak", euren bizitzak errespetatuak eta euren lanak aitortuak izan daitezen aldarrikatzeko.
Kaleak bete ondoren, Algortako San Nikolas plaza hartu du manifestazio feministak mobilizazioaren amaieran.#martxoak8 #BorrokaFeminista pic.twitter.com/yWuv8x2nry
— Hiruka (@HirukaEus) March 8, 2022
Lehen Arreta indartzea eta osasungintza publikoa defendatzea eskatu dute ere Algortako manifestazioan. #Martxoak8 #BorrokaFeminista pic.twitter.com/JchW3mLJ75
— Hiruka (@HirukaEus) March 8, 2022
Ehunka herritar ari dira martxoaren 8ko manifestazioa babesten Leioako kaleetan.
— Hiruka (@HirukaEus) March 8, 2022
Hemen ere zaintza sistema publikoa defendatzeko leloa daraman pankarta doa aurretik.#martxoam #M8 #Leioa pic.twitter.com/qVavyNwBVe