Frantzisko aita santuak ikasle bati luzaroan sexu-abusuak egiteagatik zigortutako Leioako Opus Deiko Gaztelueta ikastetxeko irakaslearen auzia berriz ere ikertzeko epaimahai bat osatzeko agindu du. Espainiako Auzitegi Gorenak Jose Maria Martinez Sanz irakasle ohia bi urteko kartzela-zigorrera kondenatu zuen 2008 eta 2010 urteen artean adingabea zen ikasle ohi bati sexu-abusua jarraituak egiteagatik.
Juan Cuatrecasas biktimaren aitak Radio Euskadiri egindako adierazpenetan jakinarazi duenez, bere semeak aita santuari bidalitako gutun batean kasua berriro irekitzeko eskatu zion. Halaber, biktimaren familiak espero du auzitegiek zigortutako irakasle ohiak Elizaren kondena ere jasotzea. Irakasleak, berriz, errugabea dela esaten jarraitzen du, eta adierazi du harrituta dagoela Vatikanoak kasua berriro ikertzeko hartu duen erabakiagaz.
Gogoratu beharra dago Auzitegi Gorenak hamaika urtetik bi urtera jaitsi ziola zigorra Martinezi, 2020ko azaroan, horrenbestez, irakasle ohiak kartzela-zigorra saihestu zuen. Biktimaren familiak epaileen erabakia deitoratu zuen, "inpunitate-mezua" zabaltzen zuela argudiatuz.
Akatsak ikerketan
Biktimaren aitak onartu du aita santuaren erabakia "aurrerapauso" bat dela eta gogoratu du 2018an Vatikanoko bozeramaile batek onartu zuela Gaztelueta kasuaren ikerketan akatsak egon zirela. Gaineratu duenez, Eliz Auzitegiko prozesu bat abiatuko dute orain, eta Cuatrcasasek azaldu duenez, "oraingoan ikerketak berme guztiak izango ditu, epaiketa egin zenean nire semeak izan ez zituenak", hain zuzen ere.
Erabakia familiaren adostasunagaz eta Juan Jose Omella Gotzainen Biltzarreko presidentearen babesagaz hartu dute. Aurreko egunetan, Opus Deiri eta ikastetxeko arduradunei erabakiaren berri eman diete, epaiketa egin zenean Vatikanoko edozein esku-hartze saihestu nahi izan baitzuten.