Urriaren 2an jarriko dute martxan Leioako TAO zerbitzua

Ander Zarraga 2023ko ira. 19a, 12:45

Leioako TAO zerbitzua urriaren 2an ezarriko dute, hainbat hilabetez atzeratu ostean.

Pinueta, Lamiako eta Ibaiondo auzoetako aparkaleku-arazoak saihesteko helburua duen TAO zerbitzua urriaren 2an hasiko da. Udalak auzo horietan aparkatzea erregulatzea erabaki zuen, aldameneko Getxoko auzoetan sistema hori jartzearen eraginez Leioan aparkatzen zuen auto-kopurua asko areagotu zelako, bertako bizilagunen kalterako. 

Zerbitzu berriak Lamiako, Pinueta eta Ibaiondo auzoetako 1.450 aparkalekuri eragingo dio, eta Getxon TAO saihesteko auzo horietan aparkatzen duten ibilgailuen jarioa eteteko helburua du.

Urriaren 2an abiatuko duten zerbitzuak hiru txartel-mota izango ditu: egoiliarrentzakoak, erroldatze eremuaren arabera A edo B motatakoak,  Pinueta, Lamiako eta Ibaiondo auzoetan erroldatutako ibilgailu eta pertsonentzat edo Leioako beste edozein auzotan erroldatuta dauden pertsonentzat, hurrenez hurren; eta merkatarientzako txartelak, auzo horietan kokatutako establezimenduetan erroldatuta dauden ibilgailuentzat.

Eremu horietan aparkatu gura duten eta zerbitzuan alta emanda ez dauden gainerako ibilgailuek dagokion TAO txartela ordaindu beharko dute.

"Auzo horietan, batez ere Pinuetan, aparkatzeko arazoak zeuden lehendik ere, eta horri gehitzen badiogu Getxon kaleren bat oinezkoentzat egin dutela eta TAO ezarri dutela, ibilgailu askok gure inguruan aparkatzea eragin du", adierazi du Iban Rodriguez Leioako alkateak. Udal-buruak azpimarratu duenez, zerbitzu horrek duen helburua da "auzoetako bizilagunek aparkatu ahal izatea, ez dirua biltzea", eta gaineratu du auzo horietan kaleak oinezkoentzako bihurtzeko prozesuagaz ere hasteko asmoa dutela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun