Urtarriletik martxora bitartean, Kultur Leioako auditoriumean zortzi antzerki-ekoizpen izango dira, horietako hiru familiakoak, hiru musika-emanaldi eta dantza-emanaldi bat. Udaleko iturriek nabarmendu dutenez, konpainia gehienak Euskadikoak izango dira, "Udalak egiten duen tokiko ekoizpen artistikoak bultzatzearen aldeko apustu argia". Halaber, gaineratu dute "Udalak kultura sustatzeko konpromiso sendoa" duela, eta azpimarratu dute "programazio honen helburua dela bizilagunei kultur aisialdirako aukerak eskaintzea, askotariko proposamenak, desberdinak eta publiko desberdinen gustukoak".
Antzerkia
Antzerki-proposamenek programazioaren protagonista izaten jarraituko dute, hurrengo hilabeteetan: "Askotarikoak eta kalitatezkoak". Hasteko, urtarrilaren 19an hasiko dira, Murtziako Nacho Vilar Producciones konpainiaren sa lanagaz. Antzezlanek urtarrilaren 21ean jarraituko dute Cía La enanan Naranja-ren Zimurren artean kontu kantari familia guztiarentzako proposamenagaz, amamei eta aititeei omenaldia dena, etxeko txikienakaz gozatzeko.
Otsailean, hilaren 2an, Tanttaka Teatroaren El color de la leche lana iritsiko da Kultur Leioara, pertsonaia bereziakaz, ingurune bukolikoagaz eta edertasun tragikoagaz. Otsailaren 18an, familien txanda izango da berriro; Anita Maravillasen Andereño antzezlanak bere klasea askatasunean haztea gura duen irakasle baten istorioa kontatuko die.
Guapa, El mono habitado konpainiaren lanak, otsaila itxiko du, hilaren 23an, ikusten ez den edertasunari buruzko ikuskizun bategaz. Pertsonaia historikoak, pertsona arrotzak eta interpreteak berak hitza hartuko dute edertasunaz hitz egiteko; agerikoa eta ezkutukoa.
Martxoaren 1ean helduko da Txalo Produccionesen Almacenados esplotazioari eta kapitalismoari buruzko komedia garratza. La Dramática Errante-ren ez izango da martxoaren 6rako proposamena, Emakumeen Nazioarteko Egunaren barruan. Bertan, seme-alabak izateko ezintasunari aurre egin behar dioten emakume guztiek bizi duten egoerari buruzko hausnarketa egingo du.
Antzerki proposamenak Markeliñeren Mamut lanagaz amaituko dira, martxoaren 10ean. Familiei zuzendutako hirugarren lana izango da, umeak gizakiaren eboluzio-prozesura hurbilduko dituena, sormenaz eta lankidetzaz hitz egingo diena.
Antzerkietarako sarrerek sei eta 12 euro artean daude salgai eta sarrerak Kultur Leioako leihatiletan edo BBKn eskura daitezke.
Dantza eta musika
Antzerkiaz gain, dantzak eta musikak ere lekua izango dute hiruhileko honetarako Leioako kultur programazioan.
Hasteko, Gontzal Mendibilek eta Iñaki Garcia Uribek gutxienez 11 belaunalditan zehar, XXI. mendera iritsi diren Euskadiko narrazio herrikoiak abestu eta kontatuko dituzte. Ikuskizunak Gorbeia du izena, urtarrilaren 26an izango da eta doakoa izango da Kultur Leioako lagunentzat.
Slide taldea otsailaren 16an iritsiko da Madrildik. Chuma Segura gitarristak zuzenduta, hainbat artista, instrumentu ezberdinakaz, funk, soul eta bluesean oinarritutako musika errepertorioa eskainiko dute.
Hirugarren musika-proposamena Traditions & tradizioak taldearen Joshua Edelman & Xabi Arakama lanagaz iritsiko da. Euskadiko, Europako beste leku batzuetako, Estatu Batuetako eta Karibeko askotariko musika-kulturen arteko topaketa hori martxoaren 22an izango da.
Aldiz, dantza Doos Colectalen ekoiztutako Tierra de Nadie izango da, martxoaren 15ean, Eva Guerrero leioaztarraren zuzendaritzaz eta testuez. Zuzeneko dantza, ahotsa eta musika, natura, atmosfera poetikoak, gorputz arrotzak edo soinu oroitarazleak biltzen dituen ikuskizuna da. Ikuskizun hau doakoa izango da Kultur Leioako lagunentzat.
Ikuskizun hauetarako sarrerak Kultur Leioako leihatiletan edo BBKn eros daitezke eta 10 euroko kostua dute.
Erakusketa eta zinema
Aurreikuspenen arabera, Kultur Leioako erakusketa-guneak hiru erakusketa izango ditu maiatzera arte, baina En el camino Arantza Saez de la Fuenteren lan bat bertan behera utzi behar izan dute artistaren arrazoi pertsonalengatik.
Hala, erakusgai jarriko den lehenengo obra hau izango da: Gailurretan izan gaitun, Mendizale, alpinista eta eskalatzaile aitzindariak 1924-2024, otsailaren 19tik martxoaren 17ra bitartean.
Horrez gain, martxoaren 22tik maiatzaren 5era, Felix Larekiren Momentos VI erakusketa izango da Kultur gunean. Formatu handiko 26 margolanen aukeraketa da, gehienbat egileak naturarekiko, espazio irekiekiko eta itsasoarekiko duen maitasuna islatzen duena.
Era berean, datozen hiru hilabeteetan, gustu eta adin guztietako zine-saioek jarraituko dute, 2,5 eta 5 euro arteko prezio herrikoian. Programazioak, ohiko saioez eta haurrei zuzendutakoez gain, Ekialde Ertaina ziklo bat eta beste bi berezi barne hartzen ditu: Mendi Astea eta Menditour – Mendi Film Festival.
Programazioaren inguruko informazio guztia lotura honetan eta www.kulturleioa.com webgunean eskuratu daiteke.