Eusko Jaurlaritzak egindako tentsiopeko eremuen txostenean jakitera eman denez, Pinueta, Ibaiondo eta Lamiako auzoak dira Leioan alokairu altuengatik tenkatutako eremu bezala izendatu daitezkeenak. Auzune horietan alokairua 900 eta 1.200 euro artean dago, udalerriko bataz bestekoaren gainetik. Prezio garesti horien zergatiak Getxorekiko hurbiltasuna eta eskaintza falta dira, besteak beste.
EH Bilduko ordezkariek sare sozialetan zabaldutako bideo batean azaldu dutenez, Leioan 1.500 etxebizitza daude bataz besteko 800 euroko alokairua ordaintzen dutenak. "Datuak kezkagarriak dira, EAEko bost udalerri garestienen artean gaude etxebizitza bat eskuratzeko, bai erosteko, baita alokatzeko ere", ohartarazi dute. Horrek eragiten du soldataren portzentaje handi bat etxebizitzara bideratu behar izatea, gazteen emantzipazioa oso berandu ematea eta zaurgarritasun egoera sortzea hainbat familiatan.
Bi mozio
Gauzak horrela, besteak beste, koalizio abertzaleko kideek bi mozio eraman dituzte Leioako Udaleko osoko bilkurara eskatzeko Eusko Jaurlaritzari alokairu garestiengatik Leioa eremu tenkatu izendatzeko izapideak has ditzatela. Hala ere, ez bata ezta bestea ere ez dituzte tramiterako onartu. Urrikoaren kasuan, gobernu-taldeko ordezkariek argudiatu zuten ez zutela prozedura ezagutzen.
Aldiz, Eusko Jaurlaritzak bete beharreko prozedurak jakinarazi ostean, EH Bilduk berriz ere aurkeztu zuen beste mozio bat aurreko urtarrileko osoko bilkuran. Alderdiko ordezkariek azaldu dutenez, "hori ere ez da tramiterako onartua izan, Udaleko zerbitzu teknikoen txosten baten argudioan oinarrituta: alkatetzaren eskumena denez, osoko bilkurako erregu baten bidez eraman behar da, eta ez mozio baten bidez".
Bere aldetik, Iban Rodriguez Leioako alkateak adierazi du egoeraren analisi sakon bat egin behar dutela, eremu zehatz horietako egoera ezagutzeko eta beste eremu batzuetan zergatik ez den gertatzen jakiteko: "Zuhurrak izan behar dugu eta aurrera egin behar dugu azterketan". Gaineratu duenez, oraindik Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailak gaiaren inguruko protokolo bat ere ezarri behar du.
Aitzitik, EH Bilduko ordezkariak ez daude Udalak emandako erantzunagaz ados, eta salatu dute erabaki "larria" iruditzen zaiela, eta daborduko irailetik lau mozio aurkeztu dituztela eta bat bera ere ez dela osoko bilkurara heldu. "Demokratikotzat jo ezin daitekeen funtzionamenduaren sintoma da, udalerriko bigarren indar politikoari osoko bilkuran beharrezkoak ikusten dituzten gaiak eztabaidatzea eta bozkatzea eragozten diena", gaitzetsi dute.