Ekologistak Martxan taldeak Lamiakoko hezegunearen berreskuratzea atzeraezina dela ohartarazi du

Ander Zarraga 2024ko ots. 1a, 13:52

Gobela ibaia Lamiakoko paduratik igarotzen. © WIKIPEDIA

Talde ekologistak eskatu du itsasadarrean eraikitzen ari diren bidegorriak ez dezala arriskuan jarri Lamiakoko paduraren berreskuratzea, uste baitute hezegune horren leheneratzeak lehentasuna izan beharko lukeela, "eremu horretan aurreikusitako hirigintza-proiektuen aurrean".

Bihar, otsailak 2, Hezeguneen Munduko Eguna izango da, eta hitzordu hori baliatuta, Ecologistas en Accion taldeak iragarri du aste-akabuan hainbat ekintza egingo dituzte Espainiako Estatutan hezeguneak leheneratzea aldarrikatzeko, hala nola martxak, sentsibilizazio-jarduerak eta hezeguneen egoera ekologikoari buruzko txostenen aurkezpenak.

Gainera, iragarri dute laster Natura Leheneratzeari buruzko Europako Erregelamendua onartzea aurreikusten dela. Horrek 2030erako Europako ekosistemen % 20 berreskuratzea planteatzen du. Adierazi dutenez, erregelamendu hori onartzekotan, estatu kideek 24 lau hilabeteko epea izango lukete Leheneratze Plan Nazionalak egiteko, eta plan horietan ezarriko diren helburuak betetzeko beharrezkoak diren eremuak eta neurriak zehazteko.

Testuinguru horretan, Ekologistak Martxan elkarteak ohartarazi du talde ekologistek eta auzo-elkarteek "kezkaz" jarraitzen dituztela Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarritako proiektuak, tartean, Bilboko itsasadarraren eskuinaldeko bidegorria eraikitzeko egitasmoa edo Urdaibaiko Guggenheimaren proiektua. 

Azaldu dutenez, itsasadarreko bidegorriaren proiektuaren inguruan iragarri dituzten xehetasunen arabera, oraindik ez dago Lamiakoko hezegunea berreskuratzeko planik zehaztuta. Halaber, azpimarratu dute Lamiakoko padura Euskadiko hezeguneen zerrendan katalogatuta dagoela hirugarren kategorian, eta horrek esan nahi duela padura kokatuta dagoen udalaren esku dagoela kudeaketa, kasu honetan, Leioako Udalaren esku.

Ekologistak Martxan taldearen iritziz, "padura berezi hori berreskuratzea atzeraezina da". Horregatik, proposatu dute "zona horretan bertan kota jaistea, mareetan ura errazago sar dadin, eta, bizikletentzako edo oinezkoentzako pasealeku bat eraikiz gero, egurrezkoa egitea, Gorlizen dagoenaren bezalakoa, bidegorri bat ere igarotzen baita bertatik".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun