Leioan 107 kuadrilla aterako dira bihar kalera San Juan jaien hasiera ospatzeko

Erredakzioa 2024ko eka. 19a, 17:26

Aurtengo Leioako jaietako kuadrillen jeitsieran 59 karroza egongo direla aurreratu dute.

Ekainaren 20an, 3.000 lagun inguruk eta 59 karrozak parte hartuko dute San Juan jaiei hasiera emango dien kuadrillen jaitsieran. Udaleko iturriek aurreratu dutenez, ohiko bazkaria egiteko 2.400 pertsona inguru daude izena emanda, eta dibertsioa ziurtatuta dago Leioan, hurrengo bost egunetan beraientzako antolatu dituzten 30 jarduerakaz.

2024ko San Juan jaiak hasteko egun bakarra falta denean, kuadrillak prest daude Leioako kaleak giro onagaz betetzeko. Udalak jakitera eman duenez, 107 kuadrilla daude guztira herrian, eta, ohi bezala, oso parte-hartze aktiboa izango dute hurrengo egunetako programazioan, beraiek arduratuko baitira kolore-puntua Leioako kaleetara eramateaz.

Kuadrilla bateko kide izateko ohitura belaunaldiz belaunaldi aldatzen ari da, eta, horren ondorioz, azken urteetan kuadrilla kopuruak nabarmen egin du gora; hala, 2010ean, Leioak 48 kuadrilla zituen, 2015ean 77, eta 2019an, berriz, 82, hau da, gaur egun baino 25 gutxiago.

Hain zuzen ere, jaien programazioan gehien espero den uneetako bat da kuadrillen jaitsiera, pregoiaren eta txupina bota ondoren. Aurten, 59 karroza arituko dira, eta 3.000 lagun inguruk hartuko dute parte jaitsieran.

Kuadrillen beste ekitaldi jendetsuenetako bat bazkari herrikoia izaten da. 2.400 lagun inguruk parte hartuko dute aurtengo jaietako bazkarian; ekainaren 22an, zapatua, izango da, 15:00etatik aurrera, Kandelazubietan.

Horregaz batera, bihartik aurrera, eguena, ekainak 20, eta hurrengo bost egunetan, kuadrillek 30 bat jarduera antolatu dituzte parte hartzeko, lehiatzeko eta, batez ere, ondo pasatzeko. Ez dira faltako lehiaketa gastronomikoak, dekorazio-lehiaketak, kirol probak eta Herri Kirolak, play back edo jantzi merkeen lehiaketa tipikoa, Azeri Ehiza edo kuadrillen arteko probak ere egongo dira, besteak beste.

100 proposamen 17 gunetan

Aurtengo Leioako San Juan jaiek 17 jai-gune izango dituzte, eta, horietan, dibertitzeko 100 bat proposamenez gozatu ahal izango da. Horien artean, kalitate eta kantitate aldetik, musikalak egongo dira, 30 kontzertugaz, askotarikoak eta gustu guztietarako. Aurtengo kartelburuak Esne Beltza, Doctor Deseo eta Travellin "Brothers" izango dira.

Gainera, umeentzako eta familientzako jarduerak egingo dira, helduentzat ere bai, euskal kulturarekin eta folkloreagaz lotutakoak, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun