Hasi dira Leioako San Juan jaiak!

Hodei Torres · Ander Zarraga 2024ko eka. 21a, 09:55

Poza eta dibertsioa izan ziren atzo arrastiko protagonista nagusiak Leioan. Mozorrotuta zein mozorrorik gabe, ehunka leioaztar hurbildu ziren atzo herriko erdigunera sanjoanei hasiera emateko. Aurten, GKG kuadrillako Edgar Carranza eta Paula Sabatel izan dira Arlote eta Mari Pepa, iazko jaietako kuadrilla-lehiaketa beraiek irabazi baitzuten. Beraiek irakurri zuten pregoia eta Iban Rodriguez alkateak bota zuen jaien hasiera iragartzeko txupina.

Pregoilariek nabarmendu zutenez, "jaiak ondo pasatzeko uneak dira, baina inoiz ez da ahaztu behar besteekiko errespetua dela bizikidetza osasuntsu eta harmoniatsu baterako oinarria", eta, horregatik, neurriz dibertitzeko deia egin zieten herritar guztiei: "Goza dezagun neurriz jaiez, gehiegikeriak une onak lausotu ditzakeela jakinda. Arduratsuak izan gaitezen eta elkar zaindu dezagun".

107 kuadrilla

Txupinaren atzetik kuadrillen jaitsiera hasi zuten. Urtez urte, gero eta lagun gehiago erakartzen dituen desfile ikusgarri eta dibertigarri honetan 3.000 pertsona inguruk parte hartu dute aurten; guztira 107 kuadrilla eta 59 karroza paseatu ziren herriko kaleetatik. Ibilbidea Elexalden hasi eta Iparragirre, Sabino Arana Luis Bilbao Libano Boulevard eta Jose Ramon Aketxe plazaraino egin zuten. 

Ostean, txosna-gunea ireki zuten eta Oihan Vegak, Plater Irekiak, Guda Dantzak eta Esne Beltzak jarri zuten egun paregabearen musika. Festek domekara arte iraungo dute ederto pasatzeko hamaika ekintzagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun