Udaleko iturriek azpimarratu dutenez, aurtengo jaiek errekorreko zenbakiak utzi dituzte: batetik, adierazi dute 107 kuadrilla, 3.000 parte-hartzaile inguru eta 59 karroza izan zirela ekainaren 20ko kuadrillen jaitsieran, eta, bestetik, 28.000 ikusle inguru izan ziren kontzertuetan. Berbarako, Doctor Deseo eta Travelling Brothers taldeen emanaldiek 7.000 ikusle inguru izan zituzten eta 6.000 pertsona aritu ziren dantzan Ohian Vegaren kontzertuan.
Segurtasun-dispositibo bereziari dagokionez, Leioako Udaltzaingoak, Ertzaintzagaz koordinatuta eta Getxoko eta Erandioko udaltzaingoen laguntzagaz, segurtasun-dispositibo berezi bat garatu dute. Zentzu horretan, ez dute inolako "gorabehera aipagarririk" nabarmendu, eta alkoholdun edariak eta substantzia estupefazienteak kontrolatzeko esku-hartze prebentzio-kontrolei esker, neurri handi batean eragotzi egin dute udalerrian kale-zurruta egitea eta debekatutako substantziak kontsumitzea. Hala, besteak beste, adingabeei ia 400 litro alkohol konfiskatu dizkiete.
Gune moreari dagokionez, eraso matxisten aurkako informazio-, prebentzio- eta arreta-zerbitzua Boulevarden egon da jarrita jaiegun goizalde guztietan, 23:00etatik 06:00etara bitartean. Jaiegun horietan, 702 pertsona baino gehiago, gehienak emakumeak, bertan egiten den lanaz interesatzera igaro dira, eta ez da inolako esku-hartzerik erregistratu eraso sexistengatik edo sexu-erasoengatik.
Halaber, Leioako bizilagunentzako jaietan etxera eramateko zerbitzuak oso harrera ona izan duela ere azpimarratu dute, eta jaiegunetan 156 pertsonari eman die zerbitzua; horietatik 144 emakumeak izan ziren eta 12 gizonak.
100 jarduera
Aurtengo jaietan, euskal kulturak protagonismo handia izan duela ere gaineratu du Udalak, herriko kaleak ohituren eta tradizioen agertoki bihurtu baitituzte bertso, txistulari, dantza alarde, larrain dantza edo herri kirolakaz.
Horrez gain, Leioako txikitxoenek ondo pasatzeko jardueretarako guneak bete dituzte, puzgarriakaz, tailerrakaz edo magia ikuskizunakaz. Gainera, daborduko hain txikiak ez direnentzako ikuskizunetan ere jende asko bildu da, besteak beste, Los Gandules edo Las Raras ikuskizunetan.
San Juan gaueko ospakizunari dagokionez, euria erruz egin zuen arren, horrek ez zuen eragotzi Leioa berriro Hortzmuga konpainiaren ikuskizun ibiltari eta argitaragabeaz gozatzea, naturari keinuak eginez. Beraiekaz izan ziren ehunka leioaztar eta Mari Pepa eta Arlote ere.
Azkenik, San Juan jaietan garbiketak ere errefortzu eta hedapen berezia izan duela ere nabarmendu dute udal-iturriek. Azaldu dutenez, goizeko lehen orduetatik 70 langilek lan egin dute jai-guneak garbitzen direla ziurtatzeko, eta jaietako gainerako jarduerak garatzeko eta udalerrian egunerokoa normaltasunez garatzeko aukera eman dute. Bost egun hauetan, 17 jai-esparruetako 10.000 kilogramo hondakin kendu dituzte.