Leioako Udalak dokumentazioa eguneratu eta HAPOren aldaketa puntualagaz jarraituko du Kurkudin

Ander Zarraga 2024ko ira. 27a, 09:38

Domingotarren lursaila birkalifikatzeko HAPOren aldaketa puntualaren aurkako administrazioarekiko auzien prozesuan atzera egin badu ere, Udalak iragarri du beste izapide bat abiatuko duela, iraungitako dokumentazioa berritzeko. Azpimarratu duenez, asmoa da aurrera jarraitzea, "eta horregatik, hain zuzen ere, proiektua garatzeko beharrezkoak diren eguneratzeak egingo ditu".

Udalak atzera egin du Domingotarren komentu zaharreko eremua birkalifikatzeko HAPOren aldaketa puntualean, SOS Kurkudi plataformak aurkeztutako administrazioarekiko auzien prozesua dela eta. Hala ere, iragarri du Hiri Antolamenduko Plan Orokorragaz jarraitzeko asmoa duela, iazko urriko osoko bilkuran adostu bezala

Prentsa ohar bidez Udalak azaldu duenez, "atzera egin du inguruko auzotar batzuek hasitako administrazioarekiko auzi-prozesuan, eta beste izapidetze bat hasiko du, dokumentu bat eguneratzeko helburuarekin. Dokumentu hori espedientearen zati da, eta berritu egin behar da, 2018an tramitazioa hasi zenetik igaro diren urte kopurua dela eta".

Udalak azpimarratu du atzera egite horrek ez duela esan gura "Udalak proiektuari uko egiten dionik, ezta epaile batek administrazio-akatsen batengatik egin behar dela ebatzi duenik ere". Gauzak horrela, egitasmoagaz aurrera jarraitzeko asmoa iragarri dute eta proiektua garatzeko beharrezkoak diren eguneraketak egingo dituztela.

Deitoratu dute neurri horregaz "Leioa hobetzera etorriko den proiektua" denboran luzatu egingo dela. Beraien ustez, kiroldegi horrek ingurua "biziberrituko du" eta "segurtasun eza ematen duen" eraikin bati erabilera emango dio. "Espediente juridikoen eta sektorialen aldeko irizpenak bermatzen duela aldaketa, eta 15.000 metro karratu baino gehiago eskuratzea ahalbidetuko duela, kosturik gabe, eta horiek udal lurzati bihurtuko direla. Eremu hori berdegune gisa mantenduko da bizilagunek gozatzeko, eta egungo basoa handitzeko aukera ere eman dezake".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun