Uribe Kostako lehen sektorea

Urtzi Goiti Ugarte: "Lotuta dau dana: bizimoduan galeragaz, paisaia eta hizkuntza be galtzen dire"

Ander Zarraga 2024ko aza. 18a, 09:40

Urtzi Goiti biologoa eta irakaslea izan arren, gaztetatik aritu da eskualdeko euskarak dituen berezitasunak biltzen.

Baserriko bizimodua galtzeagaz batera, bizimodu horretako euskara ere galtzen joan da. Gurean, landa eremuetan eta bertako baserrietan bizi direnak dira Uribe Kostako bizkaieraren azken gordelekua.

Gaztetik hasi zen Urtzi Goiti etxean entzuten zituen berbak gordetzen, lexiko eta hiztegi hori galtzen ari zirela konturatu baitzen. Ofizioz biologoa da Goiti, saguzarretan aditua, eta eskolak ematen ditu EHUko Leioako campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Hala ere, eskualdeko euskalkiaren inguruan egindako lanaren emaitza 2016an bildu zuen, Koldo Zuazo hizkuntzalariagaz batera argitaratutako Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko euskara: Geure berbak geureak direzelako izeneko liburuan.

"Uribe Kostako esparru geografikoko euskara deskribatu gendun horretan, beste euskalkieko ze desberdintasun dauzen ikusteko. Zuazoren berbetan: 'Uribe Kostako euskera da Euskal Herriko diferenteena, beste euskalkiakaz alderatute daun aldaketa bolumenagatik'. Horrenbestez, Bizkaiera barruen azpidialekto desberdinena dala esan daiteke", azaldu du leioaztarrak.

Euskara hori baserrikoa eta landa-eremukoa izan da hein handi batean, eta, horiek desagertzeagaz batera, hainbat berba ere galdu dira; izan ere, hizlariak galtzeagaz batera, esamoldeak eta hiztegia galdu ditu eskualdeko euskalkiak. "Baserriko berba asko jende zaharrak baino ez deituz ezetuten eta hizkuntzan homogeneizazio bat egon danez, horregaz, lehengo berba asko ez direz mantenduten. Lanbidez aldatuten joan garezenez baserri mundua be desagertzen jun da", dio leioaztarrak.

"Lehen, hamen gehien egoten zana zan gari, ezan kasik bedarrik egoten, ganadu gitxi egoten zalako. 60ko hamarkadara arte gari ereiten zan hamen, hori argazki zaharretan ikusten da, ez Arabako lautadan beste, baina landatzen zan; hala ere jendek nahiago ban gari hurunagaz egindako ogia taloa baino", gaineratu du leioaztarrak.

Ildo horretan, berak azpimarratzen du baserria ez dela eraikin bat bezala ulertu behar, bizimodua bera baino: "Baserri berba ez da sekulen erabili eraikinari esateko, eraikuntza da etxe, beste dana, soloak, landak… horrek eta horren inguruko bizimodue dire baserri. Gauzek horrek iteko, biziteko, modue galdu danen esateko modue be galdu da, baita naturagaz dekogun lotura eta berak be. Eboluzio hori paisaian be ikusi da, baina hizkuntzan ere nabaritzen da".

Hiztegia eguneratu

Egun, Leioako kaleetan nekez entzun daiteke Uribe Kostako bizkaiera, eta horren inguruko hausnarketa egin du irakasleak: "Noiz galtzen da hizkuntza bat? Azkenengo hizlaria desagertzen danean edo kalean ibilten ez danean? Nik uste dot hilde dauela". Gauzak horrela, berak faltan sentitzen du eskualdeko bizkaiera oraindino darabiltenen erregistro bat. "Ez dakigu zein egoeratan gauzen, badakigu txarra dala, baina ez dekoguz datuk", deitoratu du.

Bere aburuz, hizkera hori galtzeagaz batera euskara bera ere ari da galtzen, eta, lehenik eta behin, hizkuntzaren biziraupena bermatu beharra dagoela dio. Horregaz batera, lehengo berba horiei egungo gizartera moldatutako erabilera ere eman ahal zaiela dio, esanahia nolabait eguneratuz

Erlazionatuak

Eskualdea ereiten

Iker Rincon Moreno aza 08 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun