Leioako Udalak bizikleta-sarea zabaltzeko lanakaz jarraitzen du, eta, oraingoan, Artatzako suhiltzaileen parkea eta Artatza ikastetxe publikoa Leioako erdigueagaz lotuko dituen 250 metroko bidegorria erantsiko diotela iragarri dute. Tarte berri horrek jarraipena emango dio hirigunea hezkuntza-eremuagaz lotzen duen trazatuari, txirrindularientzako eta oinezkoentzako ibilbide seguru eta jasangarri bat eskainiz.
Lanek 77.000 euro inguruko inbertsioa izango dute, eta aste bi inguruko iraupena izango dute. Proiektu horri esker, Leioako bizikleta-sareak ia 16 kilometro izango ditu; izan ere, Avanzada estali ondoren, beste 900 metro gehitzea aurreikusi dute, Pinosolo ingurua hiriguneagaz lotzeko.
Leioako alkate Iban Rodriguezek azpimarratu du proiektua mugikortasun iraunkorra sustatzeko estrategia integral baten parte dela. "Bidegorri-sare bat eraiki nahi dugu gure auzoak elkarren artean, udalerriaren erdigunearekin eta inguruko herriekin lotzeko. Garraiobide ez-kutsatzaile, osasungarri eta jasangarrien aldeko apustua egiten dugu, bizikleta kasu ", adierazi du.
Bizikleta-sarearen etengabeko hedapena
Leioak 14.600 metroko bidegorri-sarea dauka gaur-gaurkoz, eta, laster, exekutatzen ari diren 250 metroak eta Avanzada estali ondoren 900 metro gehiago izango ditu. Lan horien aurretik beste hainbat egin dituzte, hala nola, iazko hasieran, 800 metroko bidegorria jarri zen martxan, herriko bi metro-geltokiak lotzen dituena, Langileria kaleko 26. zenbakitik Iturriondoko biribilguneraino. Kasu horretan, obrak Langileria kaletik zihoan bidegorriari jarraipena ematea ere ahalbidetu zuen; horrela, Lamiakoko geltokia Leioakoagaz lotu zuten, Sabino Aranako bidegorritik Sarriena ingururaino jarraitzeko.
Horregaz batera, 2024an ere, Lamiakon itsasadarreko bulebarreko lehen tartea ere jarri zutela martxan, Erandio eta Getxoko tartean.