25. Umore Azoka

100 ikuskizun eta 50 konpainia baino gehiago mende laurdena ospatzeko

Ander Zarraga 2025ko api. 29a, 09:31

Zuriñe Cuesta, Iban Rodriguez eta Hortzmugako aktoreak.

Umore Azokak 25 urte beteko ditu aurten, eta urteurren berezi hau ospatzeko, Leioako kaleak aire zabaleko agertoki handi bihurtuko dira, 100 ikuskizun baino gehiagogaz. Hala, maiatzaren 15etik 18ra, kaleko arte eszenikoen azokak 300 profesional baino gehiago bilduko ditu, umorea, gizarte-hausnarketa, arte-berrikuntza eta kultura aniztasuna uztartuko dituen programazioan.

Daborduko kale-antzerkiaren estatuko eta nazioarteko erreferentea den jaialdi honek 100 ikuskizun baino gehiago izango ditu Leioan zehar banatutako 28 agertokitan. Nobedade gisa, Udondoko bulebarra eta Plaza Gorria gehituko dituzte eszenatokietara, eta gune enblematikoak ere berreskuratu dituzte, hala nola San Juan Bautista plaza eta Euskal Etxeen plaza. Gainera, hiru ibilbide ibiltari eta aire zabaleko argazki-erakusketa bat programatu dituzte, 25 jaialdietako unerik ikonikoenak errepasatuko dituena.

Maiatzaren 15ean hasiko den programazioak 27 erabateko estreinaldi eta urteurren honetarako bereziki sortutako pieza bi izango ditu, besteak beste. Hainbat autonomia-erkidegotako konpainiek hartuko dute parte, hala nola Andaluzia, Katalunia, Madril, Valentzia, Nafarroa eta Murtzia. Japonia, Taiwan, Erresuma Batua, Argentina, Belgika eta Portugaleko konpainiak ere izango dira gurean, eta, horiez gain, 22 euskal konpainia ere izango dira.

Aurtengo programako ikuskizun aipagarrien artean, Teatro Sobre Ruedas taldearen Revolución, gurpil-aulkian dagoen artista bategaz egindako proposamen inklusiboa; Visitans, Valentziako mascleta tradizionalean inspiratutako emanaldi parte-hartzailea; eta Atxine, Janire Etxaberen eskutik, etendako dantzaren aukera berriak aztertzen dituena. Era berean, gizarte-kontzientziari dei egiten dioten muntaiak ere aurkeztuko dituzte, hala nola, Eirene, una carpa bajo el cielo edo J. M. Brutal: el heladero que paró una guerra, eta Xprecto, autismoa zirkua eta musika uztartuko dituena. Trapu Zaharra konpainiak La última y nos vamos agur-ikuskizuna ere aurkeztuko du.

Gauetan argi eta piroteknia ikuskizun bereziak ere izango dira urteurrena ospatzeko, bariku eta zapatuan berbenak egingo dituzte, artistek eta publikoak kultura kalean elkarregaz ospa dezaten. 

"Azoka baino askoz gehiago"

Atzo, apirilak 28 egin zuten aurtengo edizioaren aurkezpenean, Iban Rodriguez alkateak gogorarazi zuen "duela mende laurden Leioak kultura eguneroko ingurunera hurbiltzearen aldeko apustua egin zuela, espazio publikoa topaleku eta gozamen kolektibo bihurtuz". Alkateak gaineratu zuen Umore Azoka azoka bat baino askoz gehiago dela: "Kultura-aniztasunaren, inklusioaren eta gizarte-hausnarketaren aldeko apustu sendoa da". Horrez gain, nabarmendu zuen aurtengo edizioan irisgarritasunaren, autismoaren eta bizikidetzaren "apustu sendoa" egiten duten proposamenak izango direla. "Ilusioz betetako proiektu gisa hasi zena kultura panoramaren erreferente handienetako bat bihurtu da, ez bakarrik Euskadin, baita Estatu osoan ere, urtero hazten ari den nazioarteko proiekzioarekin", adierazi zuen Rodriguezek bere esku-hartzean. 

Bestalde, Leixuri Arrizabalaga Kultura diputatuak azpimarratu zuen "Umore Azoka aniztasunaren, inklusioaren eta hausnarketa sozialaren aldeko apustu sendoa" dela, eta Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak adierazi zuen jaialdia "publikoarekin konektatu eta talentua sustatzen duen sistema kultural sendo baten adibide" dela.

Trapu Zaharrak Konpainiako artisten aurkezpenagaz hasi zen ekitaldian, Dantzerti eta Hortzmuga konpainiako artistek ere parte hartu zuten. Horiek eramandako pasteleko kandelak itzaltzeaz arduratu zen, besteak beste, Zuriñe Cuesta azokako zuzendaria eta Kultur Leioako programatzailea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun