Programazioaren hasiera zapatu honetan bertan izango da, maiatzaren 3an, San Bartolomeko Eliz plazan, 18:00etan, Los Taps konpainia madrildarraren Bam Bam ikuskizunagaz; familientzat egokia den istorio dibertigarria, pailazo, magia eta ilusioaren bidez kontatua.
Domekan, maiatzaren 4an, hitzordua Lamiakoko Juan de Ajuriaguerra plazan izango da. 12:00etan, Akelar konpainiak eta Tor eta Txoborro magoek The Freak Show aurkeztuko dute. Proposamen original honek aurreko mendeko fenomenoen ikuskizunen giroa berreskuratuko du, pertsonaia harrigarriakaz eta umore eta ilusio ukituakaz.
Programazioak hurrengo aste-akabuan jarraituko du. Maiatzaren 10ean, zapatuan, 18:00etan, Adrian Schvarzstein nazioarteko artistak Dans izeneko ikuskizuna eskainiko du Pinuetako Dolores Ibarruri plazan; dantza eta kale-antzerkia uztartzen dituen lan honetan publikoa izango da protagonista.
Maiatzaren 11n, domekan, 12:00etan, amaiera emango diote lehen edizio honi Txorierriko Manuel de Irujo Plazan, Tiritirantes konpainiaren Mesozoica ikuskizunagaz; dinosauroak, zirkua eta umorea batzen dituen bidaia irudimentsua.
Umore AUzokaren lehen edizioa udalerriko txoko guztietara arte eszenikoak hurbiltzeko helburuagaz sortu du Leioako Udalak, kultura eskuragarria, hurbila eta parte-hartzailea sustatzea konprmisoaren adierazgarri. Konpromiso hau Leioa Gurea 2023-2027 Agintaldi Planaren helburuetako bat ere badela azpimarratu dute udal-iturriek, kultura auzo guztietan garatzea bultzatzeko.
Umore Auzoka amaitu ondoren, Umore Azokaren 25. edizioaren txanda iritsiko da maiatzaren 15etik 18ra.