Elkarrizketak

Lemoiz Natura: "Naturarekiko errespetagarriagoa eta iraunkorragoa den udalerri bat lortu nahi dugu"

Iker Rincon Moreno 2022ko eka. 22a, 13:33

Lur publikoetan bertako basoa berreskuratu gura du, besteak beste, Lemoiz Natura taldeak.

Ingurumenak gaur egun bizi duen egoeraz kontzientziatuta, Lemoiz udalerriko hainbat bizilagun batu eta Lemoiz Natura plataforma sortu dute. Besteak beste, salatu dute eukaliptoak nagusi direla inguruotan, eta bertako basoa berreskuratzeko egitasmoak hauspotu gura dituzte. Horretarako, hainbat ekimen bultzatu dituzte, baita udal-mozioak aurkeztu ere. Euren jardunaren nondik norakoak azaldu dizkigute naturaren ekintzaileok.

Hasteko, zer da Lemoiz Natura, eta nortzuk osatzen duzue taldea?

Naturarekiko sentikorrak garen bizilagun gutxi batzuk gara, eta, pairatzen ari garen ingurumenaren larritasunaz jabetuta, Lemoiz Natura plataforma sortzea erabaki genuen. Gure helburua da jatorrizko basoa, akuiferoak, bioaniztasuna eta ekosistemak berreskuratzen eta babesten duten proiektuak sustatzeko ideiak eztabaidatzea eta bideratzea, eta, era berean, naturarekiko errespetagarriagoa eta iraunkorragoa den Lemoiz bat lortzeko, aurrera eramatea proiektu horiek. 

2020ko Bizkaiko Baso Maparen arabera, Lemoizen azalera osatzen duten 1.856 hektareak honela geratzen dira banatuta: 912 hektarea, eukalipto-landaketa; 549 hektarea, zelaia, larreak eta landaretzarik gabeko mendia, sastrakak, belardia eta nekazaritzako lursailak; 291 hektarea, baso barreiatua; 95 hektarea, errepideak, artifiziala eta ura; eta 10 hektarea, zabortegia.

Datuok kontuan hartuta, argi dago Lemoizko lurraldearen % 50 inguru eukaliptoak okupatzen duela, paisaiari kalte handia eginez eta ekosisteman aldaketa larria eraginez.

Era berean eta gure eskualde osoa erreferentzia moduan hartuta,  agerian geratzen da zer-nolako ingurugiro krisi handira iritsi garen, non bertoko basoa gotorleku hutsean bilakatu den sekulako eukalipto hedadurak sortuz.

Lemoizen gertatzen den bezala, Bermeon, Bakion, Maruri-Jataben, Mungian, Plentzian eta Uribe Kostan, orokorrean, lurraldearen ia-ia erdia eukaliptoek okupaturik dute.

Iaz, 2021ean, ekin zenioten ibilbideari. Zeintzuk pauso eman dituzue ordutik hona?

Lehendabizi, Uribe Kostako eskualdearen naturaren osasunaren osotasunari begirada egin eta ikusi zeintzuk giza talde ekintzaile dirauten ingurumenaren alde lanean, beraiekin bat egiteko, adibidez Butroe Bizirik Trantsizioa eta, Euskal Herria mailan, Lur Gaia fundazioa eta Baso Biziak Plataforma.

Egunotan Interkonexiorik Ez Elkarteak, Frantzia eta Espainiaren arteko urazpiko interkonexio elektrikoa zer-nolako proiektu zentzugabea den erakutsi digu lemoiztarroi hitzaldi baten bitartez. Europatik datorren proiektu-negozio horrek Lemoiz, Bakio, Gatika, Laukiz, Maruri, Jatabe eta Mungiako biztanleen bizitza kalitatea kaltetuko du erabat, beraien paisaian eta osasunean zuzenean eraginez.

Sentsibilizazio ekintza xumeak ari gara aurrera eramaten. Adibidez, orain Eusko Jaurlaritzarenak diren zentral nuklearraren inguruko lur publikoetan (70 hektarea eukaliptoz okupatuta daudenak) bertoko basoa landatzea aldarrikatu dugu pankarta eta informazio-panel baten bidez.

Lemoizko Udalean gai horren inguruan mozio bat aurkeztu genuen iazko urrian, eta udal aurrekontu-sailatik % 3ko partida basoa berreskuratzeko izatea proposatzen genuen.

Lemoizko Etzandarri mendi-taldeak proposatutako Lemoiz labarreko parke naturala proiektuaren aurkezpenarekin bat egin genuen, eta baita EH Bilduko Inazio Garinek aurkeztutako proiektuarekin (zeintzuk irizpide jarraitu behar diren Lemoizek dituen ohiko baso eremuak babesteko).

Aurtengo apirilean informazio orrialdea banatu genuen lemoiztarren artean, eta Plentziako Udalean instantzia bat jarri genuen ere, Lemoizen kokatua dituen eukalipto lursailen aurrean ohiko basoa berreskuratzeko neurriak har ditzan eta eukaliptoko lursail publikoko 30 hektarea horiek seinalizatzeko eskatuz.

Zer proposatzen duzue gai horiei guztiei aurre egiteko?

Adibidez, ondo errotuta dauden Lur Gaia Fundazioak eta Baso Biziak Plataformak proposatzen dituzten proiektuekin eta ekintzekin bat egitea. Egungo baso-kudeaketa zalantzan jartzen dute eta ingurugiroa zaintzeko beste aukera babesleagoak eskaintzen dituzte, batik bat: lur jabeekin batera bertoko basoaren berreskuratzeren kudeaketarako hitzarmenak aurrera eramatea.

Lursail horiek guztiak publiko ala pribatuak dira?

Lemoiz herriak (Udalak) berez, ez ditu lur sail eremu publikorik. Zentral nuklearraren inguruan dauden lur sailak Eusko Jaurlaritzaren, Foru Aldundiaren eta Espainiako Estatuarenak dira, baita jabe pribaturen batenak ere.

Ingurua Berreskuratzeko udal-batzordea osatzea proposatu duzue. Zein izan da Udalaren erantzuna horri dagokionez?

Ezetza eman zioten iazko urrian aurkeztutako mozioari eta bertan proposatzen zen ingurua berreskuratzeko udal-batzordea eratzea.

Zein izango litzateke talde horren zeregina?

Proposatutako ekintzak aurrera eramatea eta konponbideak ematen hastea; jabe pribatuei informazioa luzatzea; eta biztanleriari azaldu eta informatu zer-nolako kontsumorako, aisialdirako eta birziklatzeko aukera ezberdinak dauden, hala nola zaramak murriztea eta konpostatzea.

Iazko urrian, gainera, tokiko basoa suntsitu eta erreka bat kaltetu dela salatu zenuten. Zein da egoera gaur egun bertan?

Instituzioetatik ez da jarraipenik egin eta errekak txarrera doaz, ez dira garbitzen. Obretako hondakinak bota dira bertan eta basoak kalteturik jarraitzen du, okerrera doa.

Zeintzuk egitasmo dituzue buruan aurrera begira?

Lemoizko zentral nuklearrak utzitako aztarnekin zer egin? Horixe bai dela gure kezka handia!  Herritarroi ez zaigu informatzen gardentasunez Udalak eremu horretan dituen asmoen inguruan.

Dena dela, momentu honetan Gatikako Interkonexiorik Ez plataformarekin harremanetan gaude beraien informazio kanpaina bultzatzen. Lemoizko Udalarekin akordio baten esperoan gaude horren inguruan.

Bestalde, Armintzako jaietakoTxapel Reggae jaialdian,  plastikoa murriztea, birziklatzea eta itsasoa zein zorua garbi mantentzea gogoratuko diegu parte hartzaileei, Armintzako jai batzordeak urtero egiten duen bezala.

Era berean, lehen aipatu bezala, baso publikoetan ohiko basoa landatzeko eta mantentzeko ekintzak aurrera eramatea da gure helburu nagusietariko bat. Eta baso publikoetan ingurumenarekiko ahalik eta errespetuzko jokabidea bultzatzea.

Gainera, jardunaldi bat antolatu nahi dugu Zabala erreka garbitzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun