Nolakoa izan da Escala 1:1 erakusketa sortzearen prozesua? Zer zailtasun izan dituzu?
4 urteko ikerketa-lana izan da eta, ondoren, Escala 1:1 erakusketa. Oso prozesu konplexua izan da, sarbidea oso zaila izan delako: zailtasun burokratikoak zein fisikoak egon dira. Lemoiz hiri oso bat bezalakoa da eta oso egoera txarrean dago, abandonatuta, nahiz eta behatuta egon. Orduan, hain handia den horri argazkiak ateratzea... oso zaila da. Hormigoizko kubo erraldoiak bezalakoak dira eraikinak. Denbora asko eman dugu kamera desberdinakaz dena zeharkatzen. Dedikazioa handia izan da.
Gainera, erabat ezezaguna den zerbaiti aurre egitea ere bazen, 40 urte itxita daramatzan zerbaiti. Orduan egon ez zaren herrialde batera bidaiatzea bezalakoa izan da. Ez nekien zer argazki egin gura nituen, ez nekielako nolakoa izango zen leku hori. Lemoizko istorioaren pisua ere oso handia da. Nik ere ez nekien meloi hori ireki gura nuen eta zer suposatuko nuen. Banekien Lemoizen kontakizun hegemonikoan sartzen ez zen lan bat egitera nindoala. Ez nekien zein izango zen erantzuna.
Nolakoa izan zen zentralean sartu zinen lehenengo aldia? Zer sentitu zenuen?
Zentralera sartzeak bi esanahi desberdin ditu aldi berean: bata zentraleko lurretara sartzea da eta bestea eraikineko azpiegituren barruan sartzea. Bi sentsazio desberdin dira. Sartu eta hesia ireki zidaten lehen aldian, zentraleko lurretara begiratu nuen, eta, hemen ez egotearen sentsazioa zen. Ukrainan nengoela sentitzen nuen.
Zerk harritu zintuen gehien?
Arreta deitu zidan lehenengo gauza eskala izan zen. Gaur egun zentrala goitik bakarrik ikus daiteke, goiko aparkaleku batetik. Baina eraikinen artean jaitsi eta ibiltzen bazara, konturatzen zara ez dela eskala garaikidea, eskala inperiala baizik. Beste garai faxista batekoa. Gaur egun hori ez da egiten.
Pentsamendu horren harira erabaki zenuen erakusketa 1:1 eskalan egitea?
Ez nuen argi hori izango zela formalizazioa edo nik eskalaren gaia hartuko nuela, baina banekien hortik lan egin gura nuela. Irakurketa hori berriz ireki gura nuen, niretzako Lemoizko zentral nuklearrak gure oraintsuko historia garaikidea zeharka gurutzatzen duen elementua delako. 1972tik frankismo garbienetik, gaur egun arte, nuklearrak mahai gainean ditugula berriro ere.
Zein zen zure hasierako tesia?
Hasieratik lantzen nuen tesietako bat zen gatazkaren kontakizuna zela zabaldu zen narratiba bakarra. Esan dezagun gatazkak dena irentsi ahal izateko gaitasuna duela. Baina, egia esan, askoz kontakizun, adar eta gai gehiago daude Lemoizi zuzenean dagozkionak: desarrollismoa, kolonialismoa, huts egindako trantsizioa, ingurumen-indarkeria, kolapsoa, antropozenoa, hormigoiaren bizitza mugatua... Orduan, tesi hori nuen, artearen bidez kontakizuna ireki gura nuela. Nik ez nuen gai horiei buruz hitz egingo, ni ez bainaiz gai horietan aditua, baina uste dut arteak baduela zenbait kontakizun berriz irekitzeko gaitasuna, eta, edozein arrazoi dela medio, itxita geratu dira.
Erakusketan zentral nuklearrean topatutako objektuak ere erakusten dituzu. Zer balio dute horiek?
Argazkiakaz lan egiten dut, baina argazkia gezur bat da. Izaera erabat subjektiboa du. Nik inguruko errealitatearen zati bati argazkia atera diezaioket, eta ez beste bati, oso garrantzitsua denari, eta esan diezazuket hori aurrean nuela. Orduan, argazkiak errealitate partziala baino erakusten ez duenez, nik objektuakaz lotzen dut, errealitateagaz lotzeko. Objektu horiek bizi izan diren lekuaren balioa dute.
Nola hartu du jendeak erakusketa? Zer feedback izan duzu?
Nik bi ikuspuntutan nuen batez ere interesa: han lan egin zuen jendearen iritzia eta bizi izan ez zuen belaunaldiarena. Hau da, gazteak. Alde batetik, bizi izan duen, lan egin duen eta aurka azaldu den jendeak eskertu egin du gai hau berriro mahai gainean jartzea. Eztabaida ireki dadila, ez dadila isilik geratu. Askorentzat bere bizitzaren zati oso garrantzitsua eta mingarria izan delako. Garai batean, jendeak oraindino ere lan bera zuen bizitza osoan. Orduan, badira kontratetan lan egin duten pertsonak, 25 urte zentralean eman dituztenak, zegoen tentsio guztiagaz, eta horrek esan gura zuen guztiagaz. Etxeak, lurrak, tradizioak, bizimoduak, familiakoak... galdu zituen jendeaz ez hitz egiteagatik. Galera asko daude.
Oso bitxia egin zait jende gaztea ere proiektuari lotu izana: ez dira gatazkaren bidez interesatzen baina oso sentiberak dira erakusketarekiko, suntsipen sistematikoan oinarritutako "aurrerapen" baten ideian oinarritzen delako. Gaur egun badakigu aurrerapenaren ideia huts egin duela. Erakusketa honetan oso presente dago landareen garapena, eta, horregaz, oso lotuta sentitzen dira gazteak.
Argazkiak: Ixone Sadaba