Gorlizko bidegurutzetik eta Bakiotik Armintzara iristeko errepideak itxita egongo dira Txapel Reggaean

Nahia Martinez Gondra 2025ko uzt. 10a, 14:56

2023ko dancehall ikastaroa.

Lemoizko Karmengo jaiak gertu daude, izan ere, uztailaren 15etik 20ra ospatuko dira festok, eta horien barnean, Txapel Reggae jaialdi ospetsu berezia egingo dute. Aurten, uztailaren 19an egingo dute, eta ospakizunak bere 35 urteak beteko ditu. Jende asko bilduko duenez, daborduko operatibo bat prestatu dute garraio publikoa antolatzeko, bai egun horretan udalerrian egongo diren trafikoari buruzko eragin garrantzitsuak antolatzeko. 

Txapel Reggae jaialdi ospetsua dela eta, uztailaren 19ko 10:00etatik uztailaren 20ko 06:00ak arte, Gorlizko bidegurutzetik eta Bakiotik Armintzara iristeko errepideak itxita egongo dira bertan bizi ez diren pertsonen ibilgailuentzat eta baimenik gabekoentzat.

Armintzara sartu ahal izateko, dokumentu hauetako bat erakutsi beharko da:

  • Egoiliarrentzako aparkatzeko txartela.
  • Lemoizko biztanlea zarela erakusten duen NANa.
  • Errolda-ziurtagiria.
  • Berariazko baimena. (Udaletxean baieztatu).

Salbuespen gisa, Karmengo jaietan, uztailaren 16,17,18,19 eta 20an, Lemoizko aparkaleku arautuaren ordenantzaren aplikazio-eremua (berdegunea) Amorraga kalera handituko da. Gainera, Portubidea kalea (farmaziatik porturaino) itxita egongo da uztailaren 11ko 16:00etatik uztailaren 16ko 23:00etara.

Hala ere, uztailaren 19an, zapatuan, autobus-zerbitzua indartuko da mugikortasuna errazteko:

  • Bizkaibus linearen indartzea, Plentziako metrotik Armintzara, Andrakatik pasatuz zapatuko 15:35etik 21:35era orduro.
  • Gau osoan zehar bi autobus handik Armintza eta Plentziako metroaren geltokia lotuko ditu Andrakatik, 22:30etatik 06:30ak arte.
  • Bizkaibuseko Armintza-Areeta zerbitzua 07:25ean hasiko da domekan.

Garraio publikoa indartzearen eta jende asko biltzearen ondorioz, Urizar eta Andraka auzoetan ibilgailu gehiago aparkatzea aurreikusten da, bereziki uztailaren 19tik, zapatutik, 20ra, domekara. Gainera, Urizarren feria-saltzaileek jaietara joateko erabiltzen dituzten karabanak/etxebizitzak aparkatuko dituzte udaletxe atzean dagoen aparkalekuan, Armintzak duen aparkaleku arazoa ez areagotzeko.​

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun