Plentziak ere Frankismoaren aurkako kereila ipiniko du Argentinan

Iker Rincon Moreno 2017ko abu. 4a, 19:30

Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kideak, agerraldi batean.

Plentziako Udalbatzak lau neurri onartu ditu "udalerrian diktadura frankistak eragindako gizateriaren aurkako krimen denak iker" daitezen. Besteak beste, Plentziako Udalak kereila kriminalak aurkeztuko ditu eskualdeko epaitegietan eta Argentinan, Maria Servini epaileak daroan 4.591/10 auziaren barnean.

Itsas hiribilduko osoko bilkura egin zuten joan den astean, uztailaren 27an, eta bertan EH Bilduk eta EAJk babestu zuten Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak aurkeztutako testua. Talde Independenteak, ostera, abstentzioa eman zuen. Haizea Agiriano jarduneko alkateak azaldu zuenez, testuak dio "beharrezkoa zaigula Frankismoaren inpunitateagaz hemen eta orain bukatzea, eta horregatik, instituzio publikoek justiziaren ekimenak eurenak egin eta bultzatu behar dituztela”. Horren harira, Udalak kereila biak prestatzeko zenbait lan egin beharko du, frankismoaren krimenak ahalik eta hoberen zehaztu eta zuzeneko eta zeharkako erantzukizunak eta balizko auziperatzeak argitzeko. Horretarako, biktimen zerrenda osatuko dute, euren datuez gainera, pairatutako delituak eta jasotako ondorioak jasoko dituena.

Gainera, Frankismoaren aurka kereilak edo salaketak ipini gura duten bizilagunei, biktimei edo biktimen senide guztiei laguntza materiala eta juridikoa eskainiko die Plentziako Udalak, mozioaren hirugarren neurrian adostu zuten legez. Horretarako, Udalak bulego edo arduradun berezi bat sortuko du diktadura salatu gura duten biktimei arreta eta laguntza eskaintzeko.

Laugarren puntuan, Plentziako Udalak bat egin zuen Iruñeako manifestuagaz. Manifestu hori Euskal Herriko hiriburuan sinatu zuten, joan den urriaren 27an, bertoko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako dozenaka udalek, Biktimentzat "egia, justizia eta ordaina" eskatzeko eta frankismoaren aurkako kereila sustatzeko.

Eskualdeko lau udalek egin dute bat kereilagaz

Plentziak Sopelak eta Getxok hartutako bidea jarraitu du. Izan ere, udalerri bietan azken Udalbatzan onartu zuten kereilagaz bat egin eta Argentinako ikerketan akusazio gisa pertsonatzea. Pasa den ekainean, Erandioko Udalbatzak onartu zuen Argentinako Justizia Administrazioak Frankismoaren aurka zabaldutako auzietan esku hartzea, modu ez zuzenean, Bizkaiko Foru Aldundiaren bitartez.

Bestalde, orain dela aste batzuk Berangoko Udalbatzak uko egin zion pertsonatzeari, Sare Antifaxistak jakinarazi duenez.

Udalerri horietan eztabaidatutako mozioa helduko da Barrikara, Urdulizera eta Gorlizera ere bai, Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformak aurkeztuta. Eduardo González plataformako kidearen ustean, mozioagaz bat egitean udalek "esku hartzen dute Gerra Zibilean edo Frankismoan hil, torturatu edo errepresaliak hartu zituzten euren udalerrietako auzokideen defentsan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun