Joan den urriaren 21ean aurkeztu zuten Plentziako udaletxean itsasadarraren berrantolatze-proiektua. Ordutik, ezinegona piztu da Plentziako auzokideen eta itsasontzien jabeen aldetik. Alde batetik, proposatutakoak ez duelako euren arazoa "konpontzen" eta, bestetik, horietako askok amarraleku barik geldituko direlako. Gainera, proiektuak berak ingurumenean eragingo dituen "kalteak" ere ezinegona eragin dut beste hainbat pertsonaren artean.
Hala, proiektua geldiarazteko "presio" talde bat sortu dute Plentzian. Joan den azaroaren 8an egin zuten talde horren lehenengo bilera; gainera, "Plentziako itsasadarra berrantolatzeko proiektu honi ez!" goiburuagaz Change.org webgunean eskari bat ageri da, Eusko Jaurlaritzaren Portu zuzendariari, Euskadiko Kirol Portuak erakundeko zuzendariari eta Plentziako alkateari zuzendua. Sustatzailea Plentziako Itsasadarra Bizirik plataforma da, beren-beregi eskari hori egiteko oraindik orain sortutakoa. Domekan, gainera, mobilizazioa egingo dute Plentziako Ontziola plazan, 12:00etan.