SOS Itsasadarra

"Berrantolaketa bai, baina horrela ez!"

Iker Rincon Moreno 2019ko aza. 18a, 14:22

Atzoko elkarretaratzearen irudia. © PBBizirik

Plentziako itsasadarra berrantolatzeko Eusko Jaurlaritzak proposatutako proiektuaren kontrako mobilizazioan parte hartu zuten atzo, domekan, dozenaka lagunek Ontziola plazan. Euren helburua da proiektua geldiaraztea "berrantolaketa hobeago bat" lortzeko.

Joan den urriaren 21ean aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzako, Euskadiko Kirol Portuko (EKP) eta Plentziako Udaleko ordezkariek itsasadarra berrantolatzeko proiektua. Ordutik, ezinegona piztu da Plentziako auzokideen eta itsasontzien jabeen aldetik. Diotenez, proposatutakoak ez du euren arazoa "konpontzen", ez dute bertako auzokideen iritziak kontutan hartzen, itsasadarrean izango duen ingurumen-inpaktua "handia" izango dela uste dute eta horietako askok amarraleku barik geldituko direla deitoratu dute, "itsasadarraren pribatizazioaren eraginez".

Hala, SOS Itsasadarra izeneko "presio" taldea sortu dute proiektua geldiarazteko. "Plentziako itsasadarra berrantolatzeko proiektu honi ez!" goiburuagaz Change.org webgunean eskari bat ageri da, Eusko Jaurlaritzaren Portu zuzendariari, Euskadiko Kirol Portuak erakundeko zuzendariari eta Plentziako alkateari zuzendua; fisikoki ere sinadurak biltzeko askotariko ekimenak jarri dituzte martxan.

Atzo, domekan, egin zuten lehenengo elkarretaratze publikoa, Plentziako Ontziola plazan; dozenaka lagun bildu zen bertan, proiektu horren kontrako euren iritzia "ozen" plazaratzeko. Era berean, iragarri dutenez, domekaro elkartzea aurreikusita dago.

Plentzia Telebistak domekako elkarretaratzearen harira egindako bideoa:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun