EH Bilduren legez besteko proposamena aintzat hartuta, Legebiltzarrak Plentziako portua eta itsasadarra berrantolatzeko proiektua behin-behinean gelditzeko eskatu dio koalizio abertzaleak gaur Eusko Jaurlaritzari, "herrian zalantzak eta ezinegona sortu baititu, bestek beste, proiektuak berak ez dituelako hainbat agertoki aurreikusten", Maider Otamendik ohartarazi duenez. Podemosek eta PPk bat egin dute EH Bilduren proposamenagaz, eta EAJ eta PSE-EE kontra agertu dira.
Gehiengo parlamentarioak adostutakoaren arabera, proiektua martxan jarri aurretik, Gobernuak portuaren, bokalearen, itsasadarraren eta inguruaren garbiketa, babesa eta zaintza bermatu eta ontzi guztien inbentario zehatza egin beharko du. Inbentario horrek abandonatutako ontziak ere barne hartuko ditu eta Lakuak ofizioz erretiratu beharko ditu.
Era berean, EH Bilduren proposamenari jarraituz, Legebiltzarrak prozesu parte-hartzaile bat ireki dezala eskatu dio Jaurlaritzari proiektua "hobetzeko". Otamendik azaldu duenez, "prozesu horretan itsasadarraren erabiltzaileek eta ur-, jolas- eta kirol-klubek parte hartuko dute itsasadarra eta portua berrantolatzeko plana hobetzeko eta ahalik eta adostasun handienarekin burutu ahal izateko".
Horren denaren aurrean, Zabala jeltzaleak adierazi du herritarren parte-hartzea dagoela eta iritziak jasotzeko prozesua "zabalik" dagoela, Deia egunkariak zabaldutakoaren arabera. Era berean, jeltzaleak azaldu du daborduko 37 proposamen jaso dituztela eta, orain, horiek aztertu eta Eusko Jaurlaritzara eramango dituztela: "Herritarren iritzia kontutan hartuko da hobekuntzak egiterako orduan. Elkarteekin eta Plentziako eta Barrikako udalekin elkarlanean ari gara hori lortzeko".