Elkarrizketak

"Elkar zaindu eta osasun-neurriak bete beharra dugu lokalak berriro ez itxiarazteko"

Iker Rincon Moreno 2020ko aza. 16a, 15:39
Plentziako Merkatarien Elkarteko presidentea eta Casa de Marinos hoteleko behargina da Adrián Vila.

EAEko udalerri denetan legez, Plentziako ostalariek ateak itxi behar izan dituzte, printzipioz, hilabetez, COVID-19aren bigarren olatua gainditzeko. Gutxi batzuek zabalik mantentzen dituzte euren negozioak, etxera eramateko zerbitzua eskainita; gehienek, baina, lokalak giltzapetuta dituzte errentagarritasunik lortuko ez dutelakoan. Horren inguruan berba egin dugu Adrián Vila Plentziako Merkatarien Elkarteko presidenteagaz.

Zelan hartu duzue hiribilduko ostalariok Eusko Jaurlaritzak lokal denak ixteko agindua?

Kolpe handia izan da denontzako; 2020 urte hau ekonomikoki gaindiezina izango da askorentzako

Aurreikusten zenuten neurri hori?

Ez da lehenengo aldia mota honetako neurriak pairatzen dituguna ostalariok. Martxoko alarma-egoeraren ondorioz eta, gerora, zabaldu ondoren, osasun-neurriengatik galera ekonomikoak izan ditugu kontsumoa murriztu egin delako, edukieraren mugatzeagatik, etab.

Zergatik itxi dituzte soilik ostalaritza-lokalak?

Badirudi tabernak eta jatetxeak direla jende asko batzeko guneak, eta taldean egoteak kutsatze arriskua handia eragiten duela. Hala ere, esan beharra dago ostalaritza-lokal guztietan osasun-neurri denak bete ditugula, baita edukiera-mugak mantendu ere.

Sektoreari laguntzeko aurreikusitako laguntzak nahikoak izango dira?

Orokorrean, laguntzok eznahikoak dira; horiek eskatzeko izapide asko bete behar da, eta oso berandu heltzen dira.

Plentziako zenbat lokalek eskaintzen dute etxera eramateko zerbitzua?

Oso gutxi, egia esanda, bizpahiru, besterik ez. Ez dut uste oso errentagarria denik hori, nahiz eta zabalik eta aktibo egotea oso garrantzitsua izan.

Egoera berri honetan, zeintzuk alternatiba dituzte tabernek eta jatetxeek bizirauteko?

Urtea gainditzeko modu bakarra zuzeneko laguntzak direla esango nuke, besterik ez.

Konfinamendutik hona, laguntzarik jaso duzue?

Plentziako Udalak zuzeneko dirulaguntza txiki bat eman digu. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak bideratutako bonuak lagungarriak izango dira negozioak zabalik mantendu ahal izan dutenentzako. Eusko Jaurlaritzak lagundutako ICO kredituek ere zeozertan lagundu ahal izango dute.

Zelan egin ahal izan diozue aurre zabalik egon zareten normaltasun berri delako horri?

Hasiera batean oso zaila izan da ezarritako osasun-neurriak betearaztea. Udaldia, baina, ona izan dela esango nuke, herriko eta Estatu mailako bezero asko izan dugulako. Turismoak, bere horretan, huts egin du, eta festak ez ospatzeak ere eragina izan du balantze ekonomikoan, besteak beste.

Zelan aurreikusten duzue lanera bueltatzeko unea? Zeintzuk zailtasun izango dituzue pertsiana igotzerakoan?

Espero dut konfinamendu gehiagorik ez egotea; elkar zaindu beharra dugu eta osasun-neurriak bete lokalak berriro ez itxiarazteko. Hori betetzen ez badugu, zaila izango dugu berriro pertsiana zabaltzea eta aurrera egitea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun