Udalak 86.500 euroko dirulaguntzak bideratuko ditu COVID-19ak kaltetu dituen herriko enpresentzat

Erredakzioa 2020ko abe. 8a, 13:12

Pandemiak kaltetutako udalerriko ETE eta autonomoei zuzendutako dirulaguntzak 750 eta 4000 euro bitartekoak izango dira. Eskaerak egiteko epea abenduaren 27ra arte egongo da zabalik, Udalaren atarietan.

Pandemiaren ondorioz kaltetutako enpresei laguntzeko Plentziako Udalak bideratzen duen bigarren partida da; uztailaren erdialdean beste 63.500 euro zuzendu zituzten. Izan ere, ekainean 308.000euroko partida orokorra onartu zuten helburu horregaz.

Eskaerak abenduaren 27ra arte egin ahal izango dira, presentzialki Udaletxearen HAZko erregistroan, edo telematikoki Plentziako Udalaren webguneko tramiteen tokian; Dirulaguntza, beka, sariak eta laguntzak atalean. Onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Publikoari irekitako gutxienez merkataritza-establezimendu bat izatea Plentzian. Merkataritza-establezimenduak ezin du egon etxebizitza batean.
  • Eskaera bakarra aurkeztu ahal izango da merkataritza-establezimendu bakoitzeko.
  • Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan xedatutako lokal eta establezimenduen jendaurreko irekiera eteteak eragina izatea garatzen duten jardueran, edo itxialdian zehar garatutako jarduera-maila ohikoa baino txikiagoa izatea.
  • Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak beteta izatea.
  • Plentziako Udalagaz zorrik ez izatea.
  • Plentziako Udalak emandako dirulaguntza guzti-guztiak justifikatuta izatea.
  • Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galarazten duen administrazio-zehapenik edo zehapen penalik ez izatea, ez eta halakoak eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpenik.

COVID-19ari aurre egiteko neurriengatik beraien lokala itxi behar izan duten establezimenduek 1.500 eta 4.000 euro bitarteko laguntzak jaso ahalko dituzte. Gainerako kasuetan, laguntzak 750 eta 3.000 eurokoak izango dira, pandemiagatik jasan dituzten ondorioei buruz eginiko balorazio teknikoaren arabera.

Inpaktu ekonomikoa arintzeko helburua

Neurri horien bitartez, Udalaren xede nagusiak hauek dira: COVID-19aren aurkako neurrien ondorioz kaltetuak izan diren merkataritza-establezimenduen zein enpresen kalteak arintzea, negozioen etendura saihestea eta pandemiaren ondoren herriko enplegua suspertzea.

“Laguntza hauekin, Udalak konpromisoa hartzen du gure sare ekonomikoa babesteko eta, ahal den neurrian, herriko negozio kaltetuenen atzean dauden pertsona eta familia guztiei laguntzekoa", azaldu du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak.

Bestalde, Iñaki Saenz de la Fuente Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu zinegotziaren esanetan, “udal-gobernuak uste du laguntza eman behar zaiela gutxiago fakturatu duten kolektiboei, jarduera murrizteak edo eteteak eragin duen inpaktu ekonomikoa arintzeko”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun