EH Bilduk 13 emendakin aurkeztu dizkio Plentziako udal-gobernuaren 2022rako aurrekontu-proposamenari

Ander Zarraga 2022ko mai. 23a, 13:11

Besteak beste, Plasentia de Butron museoa handitzeko ikerketa bat garatzea planteatu du EB Bilduk.

Plentziako EH Bilduk udal-gobernuaren Auzoekin Bat egitasmoko 200.000 euroko diru-partida beste hainbat helburu izango dituzten ekintzetara bideratzea proposatu du. Tartean, Arpillaoko lokalen egungo egoeraren azterketa zehatza, kultur jardueren indartzea eta herriko mantentze- eta garbiketa-lanak egiteko Ekintza azkarreko brigada sortzea.

Koalizio abertzaleko kideek udalerriko sare soziala indartsua dela azpimarratu dute, horregatik, zenbait eragilerentzako diru-laguntzak berreskuratzea edo indartzea beharrezkoa ikusi dute, hala nola mugimendu feministaren eguneroko gastuak asebetetzeko 1.000 euroko partida, eta "egoera prekarioan dagoen" Plentzia Telebistari subentzio nominala 10.000 eurotan igotzea, eta horren balioa sustatzeko beste 10.000 euro bideratzea.

Bestalde, deitoratu dute "udalerriaren mantentze- eta garbiketa-egoera kaskarra denon begi bistakoa dela". Horregaz bukatzeko, proposatu dute Ekintza azkarreko brigada sortzea, "herrian sortzen diren arazo puntualak konpontzeko helburuarekin". Horrek, udal-brigadaren egoera "prekarioa" hobetzeaz gain, konponketak egiteko kanpo-enpresak kontratatzea ekidingo lukeela argudiatu dut. Horretaz gain, udal-brigadarako langileak kontratatzeko 70.199 euro bideratzea ere planteatu dute. Garbiketaren arazoari dagokionez, hori konpontzeko garbiketa-kontratuaren zenbatekoa 80.000 eurotan handitzea ere proposatu dute.

Kulturari dagokionez, deitoratu dute Plentzian dagoen galera kulturala "nabaria" dela, eta hori ekiditeko ekintza kulturalak sustatzeko partida 15.000 eurotan igotzeko aukera adierazi dute. Ildo horretan, Historia Jardunaldiak eta Kantauri Itsasoko Kultura Kongresua bezalako ekintzak sustatzea "ardatz estrategikoa bezala ikusten dugu", azpimarratu dute, horregatik, horien diru-partida 10.000 euro handitzea eskatu dute, "herriko historia bultzatzeko hain garrantzitsua bihurtu den Plasentia de Butron museoa handitzeko ikerketa bat garatzea ere planteatuz".

Zentzu horretan, udalerriko ondare kulturala eta naturala batzen dituen udal-basoen egoera hobetzeko 1.500 euroko diru-partida sortzea ere proposatu dute, "Isuskitzan hain eragin ona izan diten lanak herriko udal-basoetara bideratu daitezen".

Arpillaoko lokalak

Plentziak dituen beste arazo batzuk konpontzeko ikerketetara bideratzen den diru-partidak prestatzeko eta handitzeko beharra ere adierazi dute EH Bilduko kideek. Hasteko, "Arpillaoko lokalen egungo egoeraren ikerketa zehatz bat egiteko 18.000 euro bideratzeko eskatzen dugu". Era berean, diru-kopuru berdina planteatuko dute, hurrenez hurren, Isuskitzako hirigunera doan errepidearen jabetza argituko duen espediente baten irekiera eta garapena egiteko, eta Plentziako etxebizitza-arazoa konpontzeko politika eraginkorrak bultzatzeko.

Azaldu dutenez, gastu proposamen horiei aurre egiteko, Plentziako Bat izeneko egitasmoko 200.000 euroko partida ezabatzea eskatuko dute, ekimen horren helburua ez baitute "batere argi ikusten". Era berean, berriki udal-gobernuak egindako inkestan izandako "iritzi negatiboak ikusita", alkatearen soldata 20.000 eurotan gutxitzea proposatu dute, 36.057,26 eurotan utziz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun