Elkarrizketak

Eritz Monasterio Lotina: "Harrobiaren aldeko apustuaren emaitza da"

Ander Zarraga 2022ko eka. 17a, 14:06

Eritz Monasterio harrobiaz eta taldean euskararen presentzia bermatzeaz ere arduratzen da.

Domeka honetan, hilak 19, Arkoteko arraunlariek 2022 KAE denboraldiko lehen estropada dute Pasaiako (Gipuzkoa) uretan. Horien aurretik, harrobiko haurrek denboraldi ederra egin dute Bizkaiko eta Euskadiko Txapelketak irabazi baitituzte, taldearen Arpillaoko instalazioak egoera penagarrian egon arren. Horretaz berbetan egon gara Eritz Monasterio Lotina patroi ohia eta Arkote Arraun Taldeko zuzendaritza-batzordeko kideagaz.

Euskadiko eta Bizkaiko txapeldunak. Gogoratzeko moduko denboraldia egin dute aurten haurrek, ezta?

Bai, duela bost urtetik, 2017tik, ez genuela horrelako garaipenik lortzen. Orduan, ez genuen Bizkaikoa irabazi, baina aurten bai; gainera, Espainiako Txapelketan segundo gutxira geratu gara bigarren bateletik. Oso pozik gaude, batez ere, kontutan izanda arraunlarietako hiru hasiberriak direla. Ez genuen horrelako ezer espero, negua gogorra izan baita eta oso baldintza kaxkarretan ari garelako entrenatzen, adibidez gimnasioa txita dago eta hangarrean lau esterilaren gainean entrenatzen dugu; trantsizio urtea izatea espero genuen, baina askoz gehiago lortu dugu. Azken urteotan aldaketak egin ditugu, eta taldeak harrobiaren alde egindako apustuaren emaitza da. Adibidez, ate irekien saioetara hainbat gazte etorri dira, eta horietako asko arraunlariak izaten bukatu dute.

"Arkotek duen ezaugarri bereizgarria da eskualdeko arraunlariak erakartzen ditugula, Lemoizetik hasita Berangora arte"

Beraz, kluba hasten ari dela esan daiteke?

Bai, harrobian geroz eta arraunlari gehiago ditugu, eta hori positiboa da. Gainera, Arkotek duen ezaugarri bereizgarria da eskualdeko arraunlariak erakartzen ditugula, Lemoizetik hasita Berangora arte. Denak inguruko herrietakoak dira eta horrek alde onak ditu, baita txarrak ere, azken finean, gurasoekin kotxez edo metroz etorri behar direlako entrenatzera. Hala ere, Arkotek beti egin du harrobiaren aldeko apustua, inguruan ez baitugu dirua jartzen digun industria edo enpresa handirik, beraz, gure aukera bakarra hori da; zentzu horretan, azken urteetan apustu tinkoa egin dugu eta bere emaitzak ematen ari da, bai kirol aldetik, bai taldekide berrien aldetik ere.

Zer eskaintzen die Arkotek bertara datozen umeei?

Arkotek eta arraunak ematen diena da taldeko kirola dela, eta egun batean batek kale egiten badu ez dio bere buruari bakarrik eragiten talde osoari baizik; batel batean lau doaz, eta batek huts egiten badu ezin dezakete arraunean egin. Hori eta inguruarekin dugun harremana, azken finean, inguru zabalean egiten dugu kirola, paisaia izugarri batekin. Gainera, nik azpimarratuko nuke kirol moduan ere oso zorrotza dela, eta 13 urtetik aurrera astero lau edo bost egun entrenatzen dituztela, beraz, gazteek ikasten dute beraien denbora antolatzen, aldi berean, ikastetan ere ari behar direlako.

"Igo ginenetik, emaitzak hobetzen joatea lortu dugu, eta aurtengo helburua Ohorezko Txandan egonkortzea da, laugarren postuan, hain zuzen"

Nagusien estropadak ere domeka honetan hasiko dira, nolakoa izango da aurtengo taldea?

Bai, ekainaren 19an hasiko dira KAE 1go Mailan, Bigarren Maila izango zenaren parekoan. 2017an, igo ginenetik, emaitzak hobetzen joatea lortu dugu, eta aurtengo helburua Ohorezko Txandan egonkortzea da, laugarren postuan, hain zuzen. Horretarako, Gorka Etxebarria eta Imanol Garcia, entrenatzailea eta prestatzaile fisikoa, hurrenez hurren, mantenduko ditugu hirugarren urtez; oso pozik gaude beraien lanarekin eta berain ekarpenei esker taldeak aurrerapauso bat eman du.

Horretaz gain, aurten baja batzuk izan ditugu erretiratzeko zorian zeuden arraunlari batzuk genituelako, hala nola Beñat Astelarra, Alvaro Bergaretxe edo Borja Viaredo. Horretaz gain, Niko Repetto ere Kaikura joan da, eta, besteak beste, Xabier Matillak ere utzi gaitu. Hala ere, altak ere izan ditugu eta Josu Barturen patroia etorri da Bermeotik eta harrobitik ere arraunlari bi igo dira. Dena den, esango nuke taldea apur bat murritzagoa izango dela aurten, eta agian zailtasun batzuk izan ditzakegun arren pozik gaude sortu den taldearekin.   

Aurten erabat baldintzatu dizue Arpillaoko lokalen kontuak. Nolakoa da egungo egoera?

Oso gogorra izan da bai. Alde batetik, arraunlariak oso baldintza prekarioetan ari direlako entrenatzen, eta, bestetik, taberna ere itxita dagoenez diru-sarrera horiek ere galdu ditugulako. Hala ere, bi urteren ostean, kirolean aurrera jarraitzen dugu, baina Udalaren aldetik ez dugu laguntzarik jaso, eta apur bat etsigarria da, denbora aurrera doalako eta ez dugulako inolako konponbiderik ikusten. Esan zuten 50.000 eman zizkigutela taldeei hangarra konpontzeko, baina apur bat txukundu besterik ez zuten egin, itoginak hor jarraitzen baitute; gure ustez dirua gaizki gastatu dute eta aitzakia bat besterik ez da izan, konponketa batzuek egoera okertu ere egin baitute. Gainera, etorri diren adituek esan digute eraikina ez dela arriskutsua, baina zahartuta dagoela eta berritze- eta egokitze-lanak egin behar direla. Baina orain eraikina abandonatuta dago eta ez dira ari ezer egiten, beraz, gehiago hondatuko da. Halaber, gobernu-taldeak gaztetxearen ikerketa independente bat jaso zuen eta Arartekoak ere egoerari erantzun bat emateko ohartarazi zion Udalari, baina ez dute ezer egin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun