Danontzat gaztetxea

"Modu batera edo bestera, gaztetxeak aurrera egingo du eta herriari bizitza ematen jarraituko dio"

Hodei Torres · Ander Zarraga 2022ko abe. 28a, 12:22

Plentziako gaztetxeko kideek proiektuaren hamargarren urteurrena aldarrikatu eta horren alde borrokatzen jarraitzeko prest daudela adierazi zuten atzo, hilak 27, Ontziola plazan egin zuten agerraldian. Halaber, gune autogestionatuko urtemuga ospatzeko barikuan Eliz plazan egingo dituzten jarduerak ere iragarri zituzten.

"Hamar urte dira gazte zoro bezain konprometitu batzuek ontziola zena okupatzea erabaki genuela, herrian honelako gune baten beharra ikusi genuelako", adieraziz hasi zuten agerraldia. "Zorionekoak gaztetxea eta zorionak gu, honen harira baitugu herri-mugimendua antolatu eta eskaintza kultural zein politikoa eskuragarri jartzeko baliabidea", gaineratu zuten, goraipatuz urteotan gaztetxetik pasatu diren pertsonek, elkarteek eta ideiek herria zenbat aberastu duten.

Hala ere, gaur egun gaztetxeak bizi duen egoera ere deitoratu zuten, Arpillaoko eraikinak urte bi daramatzalako itxita, "Plentziako EAJ-ak hala nahi izan duelako". Salatu zutenez, aitzakiak besterik ez dizkiete eman egoera hori arrazoitzeko eta gobernu-taldeari leporatu zioten frogatuta dagoela arazoa ez dela egiturazkoa, "eta gaztetxea erabiltzen jarraitu daitekeela". Azpimarratu zuten Udalaren buruan dagoena ez dela segurtasuna, "herria turistentzako egitea eta antolakuntza suntsitzea" baizik. 

Horren aurrean, Ontziola plazan elkartutako gaztetxeko kideek nabarmendu zuten beraiekaz jai dutela eta proiektuaren alde borrokatzen jarraituko dutela: "Badakigu zer den eskaintzarik ez duen herri batean bizitzea eta ez gaude prest horrelakorik onartzeko; modu batera edo bestera, gaztetxeak aurrera egingo du eta herriari bizitza ematen jarraituko dio, herriak gaztetxea behar duela frogatu dugulako, eta, itxita egon arren, herriak bizirik jarraitzen duen bitartean berreskuratzerik izango dugulako".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun