Batetik, auzoetarako inbertsioak, familia zaurgarrienentzako eta erakundeentzako laguntzak aurreikusi dituzte, hala nola Auzoekin bat egitasmoak ezarritako hainbat esku-hartze txiki eta ertain edo garraio kolektiboa behin betiko ezarri arte martxan jarriko duten Auzotaxi zerbitzua.
Bestetik, herriko kirol-taldeak ere babestuko dituztela iragarri dute, eta, horretarako, 130.000 euro inguru bideratuko dituzte bai klubei zuzenean laguntzeko, bai euren instalazioak egokitzeko ere.
Horrez gain, Arpillaoko lokalen eta aparkalekuen egoera ikertzeko 18.000 euroko partida ere gorde dute, eraikina berriz ere irekiko duten edo konponketarik egin behar den zehazteko. EH Bilduk neurria txalotu du, baina deitoratu du bi urtez hori bera egiteko eskatzen egon direla.
Gainera, aurten Plasentia de Butron museoak 25 urte betetzen ditu eta urtemuga hori baliatuz eta daborduko udalerrian antolatzen diren hainbat ekitaldi mantentzeko eta indartzeko helburua du Udalak; hori gauzatzeko 150.000 euro bideratuko dituzte. Gainera, museoko eta Udaleko artxibo historikoaren digitalizazioa eta inbentarioa ere egingo dutela iragarri dute.
Oposizioaren abstentzioa
EH Bildu da Plentziako Udaleko oposizioan dagoen alderdi bakarra, eta aurrekontu hauetarako 386.412 euroko balio zuten 15 zuzenketa aurkeztu zituen. Bada sare sozialen bidez nabarmendu dutenez, euren emendakinen % 10 onartu ditu gobernu-taldeak, horien artean egoera zaurgarrian dauden familientzako kirol-, kultur eta eskola-kuotak arintzeko partida. "Lau urtetan lehenengoz aurrekontuak negoziatzera deitu gaituzte; ez da kasualitatea hau gertatzea hauteskundeak baino hilabete batzuk lehenago. Ez dira guk egingo genituzkeen aurrekontuak, baina negoziaketetan gure proposamenaren zati bat onartu da, horregatik abstenitu gara", adierazi dute sare sozialetatik egindako adierazpenetan.
Bestalde, Elixabete Uribarri EAJ alderdiko alkateak zera adierazi du: “Aurrekontu honek Plentziaren eta bertako bizilagunen beharrei erantzuten die. Bi udal-talde politikoen arteko adostasuna lortu dugu eta aurkeztutako zuzenketa-eske gehienak eta EH Bildurekin adostutako konpromisoak aurrekontuetan sartu ditugu, baina hala ere, oposizioak ez ditu aurrekontuak babestu. Gure ustez, zaila da ezetz esatea plentziarrek eskatzen dituzten beharrei erantzutea besterik egiten ez duten aurrekontu horiei.
Iragarritako inbertsio nagusiak:
- Auzotaxia (18.000 euro) eta auzoen arteko garraio kolektiborako behin betiko zerbitzua (98.000 euro)
- Auzoekin bat, auzoak hobetzeko jarduketa txikiak eta ertainak abian jartzeko (200.00 euro).
- Ikuspegi solidarioagaz: Hozkailu solidarioa proiektua abian jartzea (7.000 euro), familientzako eta erakundeentzako laguntzak (3.000 euro igo dira 2022ko zuzkidurarekin alderatuta) eta haur-eskolaren eta ikastetxearen mantentze-lanak (6.000 euro hazi diren partidak).
- Arkote Arraun Taldearentzako diru-laguntza, bere egungo egoerari erantzuteko (100.000 euro); aldagela eta dutxa berriak Ardantzako errugbi zelaian (12.000 euro); errugbi zelaiaren mantentze-lanak eta beste premia batzuk (10.000 euro igo da); Plentzia SDren eta Kakarraldo Klubaren finantzaketa indartzea (bakoitza 4.000 eurora igo da).
- Arpillaoko lokalen egoerari buruzko azterlana egitea (15.000 euro).
- Butroeko Plasentia Museorako zuzkidura handitzea, 25. urteurrena dela eta, eta udal-artxibo historikoaren digitalizazioa eta inbentarioa (55.000 euro).
- Plentzian kultura eta ekitaldi bereziak mantentzearen aldeko apustua (150.000 euro).
- Topalekuko espazioaren lizitazioa – Herriko gazteentzako gunea (35.000 euro).
- Turismoa kudeatzeko zerbitzua eta turismo-bulegoko zerbitzuak handitzea (120.675 euro).